Naiz Irratiaren saioak industriako albisteak, analisiak, erreportajeak eta elkarrizketak biltzen ditu. Astero Twitch-en zein irratian emango da.

Ikasturte berria hasita, Game Erauntsia berriz irrati uhinetatik zabaltzeko garaia heldu da. 2021ean Naiz Irratiak abiarazitako Game Erauntsia Irratsaioa gogotsu itzuli da, bere hirugarren denboraldiari hasiera emanez: Bideojokoen munduko gaurkotasuna izango da hizpide, eta, nola ez, euskaraz jorratuko dugu.

Denboraldi berriarekin, gainera, aldaketak datoz; izan ere, orain arte bi asterik behin grabatzen genuen saioa asterokoa izango da oraindik aurrera. Ostegunetan 18:30ean GEren Twitch kanalean bilduko gara zuzenean mundu honetako azken albisteak errepasatzeko; saio hori hurrengo astearte gauean emango dugu Naiz Irratiaren FM bidez, 00:00etan hasita.

Atsedenik hartzen ez duen industria da bideojokoena, hori ondo dakizue jarraitzen gaituzuenok; dena den, berriei kutsu informalean heltzen diegu, bideojokozale amorratuenentzat nahiz noizbehinkako jokalarientzat berritasunak jarraitzeko txokoa eratuta.

Albisteak baino askoz gehiago eskainiko ditugu, noski! Jokatutako azken tituluen analisiak izango dira irratsaioko ataletako bat; horiez gain, euskal garatzaileei egindako elkarrizketak zein industriako garatzaileak, estudioak edo obra zehatzak ardatz hartuta prestatutako erreportajeak ere landuko ditugu.

Esate baterako, joan den astean grabatutako saioan azken Nintendo Direct aurkezpeneko ezustekoak, Tokyo Game Show azoka, Assassin’s Creed sagako joko berriak zein Battlefield-en 20. urteurrena izan ziren eztabaidatutako gaietako batzuk.

 

Euskal Herria, bideojokoetan murgilduta

Hala eta guztiz ere, gure helburu nagusietako bat Euskal Herriko bideojokoen industriari agerikotasuna ematea da. Hori horrela, bertoko estudioen lanak ezagutzera ematea bilatzen dugu; aldi berean, sortzaile euskaldunei beren ideiak eta proiektuak aurkezteko txokoa eskaintzen diegu.

Bideojokoez euskaraz gozatzea da gure ametsa: horregatik, euskaraz argitaratzen diren tituluak nabarmendu, eta bideojokozaleen komunitateak egindako lokalizazioak aditzera ematen ditugu.

Horri buruz sakon eta luze aritu ginen aurreko atalean. Egia esan, sekulako albistea jaso genuen Steam-ekoen aldetik: bideojokoen fitxetara euskara gehitu dute hizkuntzen atalean. Horrez gain, udako oporraldian euskaraz estreinatutako jokoak nahiz datozen asteotan kaleratuko direnak ezagutu genituen.

 

Entzuteko bideak

Arestian aipatu modura, Twitchen eta Naiz Irratian entzun dezakezu gure saioa. Atalen bat galduz gero, baina, ez kezkatu: plataforma sorta zabalean eskaintzen ditugu gure eztabaidak. Hauetan jarraitu ahal gaituzu:

Esan bezala, ostegunero Twitchen aurkituko gaituzu saio berriarekin; Naiz Irratian, berriz, astearte gauetan entzuteko aukera edukiko duzu!