Naiz Irratiaren saioak bideojokoen gaurkotasuna jarraituko du Twitch zein FM bidez: analisiak, albisteak, erreportajeak eta gehiago eskainiko ditu.

Game Erauntsia irratsaioa bueltan da laugarrenez! Udako oporraldian atseden hartu ondoren, Naiz Irratian denboraldi berriarekin ekingo diogu bideojokoen mundua hizpide duen irratsaioari. Gaur hasiko gara lehen saioarekin, zelan ez, euskaraz hutsean: 17:30ean

Damian Madinabeitia, Haritz Odriozola eta Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kideak izango dira beste behin esatariak. Beti bezala, saioa Game Erauntsiaren Twitch kateko zuzeneko emanaldian grabatuko dugu astean behin; ondoren, Naiz Irratian entzungo da FM uhinen bidez; bukatzeko, hainbat plataformetan entzungai zein ikusgai jarriko da.

Esatariek bideojokoen gaurkotasunari helduko diote albistegiarekin: asteko berririk esanguratsuenak helaraziko dizkizuegu, baita komunitatearen arreta erakartzea lortu duten bitxikeriak ere.

Analisientzako lekua ere egongo da gurean, beti bezala. Jokatutako azken bideojokoak aztertuko ditugu, gustatu zaizkigunak nabarmenduz, beti ikuspegi kritrikoarekin. Egur pixkat ere banatuko dugu, noski!

Erreportajeak zein elkarrizketak ere entzun ahalko dira Game Erauntsia irratsaioan: Euskal Herriko bideojoko garatzaileak ekarriko ditugu euren azken lanei buruz hitz egiteko. Modu horretara, etxean bideojokogintza ogibidetzat duten sortzaileak ezagutzera eman nahi dira.

Ez hori bakarrik, garatzaileek zein bideojokozaleek euskaratutako azken bideojokoen berri emango dugu. Zoragarria da guretzat ama hizkuntzan jokatzea eta gure zaletasunaz gozatzea; argitaratutako edo lokalizatutako azken harribitxi horiek aipatuko ditugu saioan.

Twitcheko emanaldietan ez gara bakarrik egongo. Ikusleek txatetik parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera daukate: galderak egin, zalantzak argitu edo gomendioak eman ditzakete. Etorri gurekin!

Game Erauntsiaren blogean bideojokoen azken albisteak jarraitu badituzue argi dago zeri helduko diogun laugarren denboraldia abiatzerakoan, esate baterako: Nintendo-k eta PlayStation-ek aurkezpenak egin dituzte, era guztietako tituluak ezagutaraziz. Bestelakoak ere jorratuko ditugu: azken asteotan euskarazko joko mordoa jaso dituzte euskal zaleek, hamar guztira!

 

Aldaketak ordutegietan

Laugarren denboraldiaren ordutegia aldaketekin etorriko da. Astero saio bakarra grabatuko dugu: Twitch bidezko zuzeneko emanaldiak astelehenetan izango dira, 17:30etik aurrera —aldaketarik egonez gero, abisatuko dugu!—. Naiz Irratiko uhinetan igandeetan 20:00etatik aurrera entzun ahalko duzue saio berbera.

Bi aukera horien ostean huts egiten baduzue, lasai! Plataforma sorta zabalean eskaintzen ditugu gure hausnarketak. Saio berriak zein aurreko denboraldietakoak entzungai dituzue hauetan:

Aurten, gainera, gure bideoak Peertube.eus plataformara ere igoko ditugu! Horrela, euskal plataforma askea eta irekia sustatzen lagundu gura dugu.

Zuen zain egongo gara!