Naiz Irratiarekin elkarlanean egindako saioan bideo-jokoen munduko gaurkotasuna jorratuko dugu 18:30etatik aurrera Twitchen.

Euskal bideo-jokozaleen elkarteak abentura berria hasiko du gaur. Naiz Irratiarekin elkarlanean, Game Erauntsiaren lehen irratsaioa egingo dugu arratsaldean.

Irratsaioa izango den arren, irratian igorri aurretik saio bakoitza zuzenean burutuko dugu Twitch bidez: 18:30ean hasiko dugu gaurko zuzenekoa eta bi asterik behin saio berria egingo dugu. Ondoren, irratsaio bera Naiz Irratian entzun ahal izango da astearteetan 19:00etatik aurrera bi asterik behin, maiatzaren 25ean hasita.

Bertan bideo-jokoen munduari lotutako hainbat gai desberdin jorratuko ditugu. Azken albisteei buruz hitz egingo dugu, noski, baina horrez gain gure elkarteko kideak jokatzen ari diren bideo-jokoen inguruan elkarrizketan jardun, aspaldiko obra klasikoak gogoratu, askotariko gaiei buruz hausnartu eta industriako mintzagai interesgarrien inguruko erreportajeak landuko ditugu, besteak beste.

 

Sortzaile eta lan euskaldunak nabarmenduz

Game Erauntsia bideo-jokoak euskaraz jorratzen dituen elkarte bakarra izanik, ezin ditugu euskal jokoak eta horiek sortzen dituzten garatzaileak ahaztu. Hori horrela, irratsaioan horrenbeste maite dugun mundu honetan buru-belarri sartuta dabiltzan sortzaileak izango ditugu beraien lanen inguruan hitz egin eta garatzaile euskaldun hauek eskaintzeko daukatena ezagutzeko.

Euskaratutako jokoak ere ohiko mintzagaia izango dira: zorionez gure hizkuntzan argitaratzen diren edota euskal bideo-jokozaleen komunitateak itzultzen dituen gero eta obra gehiago ikusten ari gara azken urteetan, eta horiek ezagutzera ematea benetan garrantzitsua da Game Erauntsiarentzat.

Hortaz, animatu eta ez galdu gure lehenengo irratsaioa! Zuen zain egongo gara Game Erauntsiaren Twitch kanalean.