Japoniar girotzea duen irudi bakarra erakutsi dute. Private Division indie markaren aterpean argitaratuko du 2026an.

Game Freak estudioak, Pokémon frankiziaren sortzaileak, bideojoko berria iragarri du. Project Bloom behin-behineko izenarekin, Take-Two enpresarekin elkartu da titulua aurrera eramateko.

Zehazki, enpresako Private Division indie argitaletxearekin batera aurkeztu du Bloom. Informazio urria eskaini dute iragarpenean: akzio eta abentura titulua izango dela dakigu.

Lehen marrazkia da horrekin batera jaso dugun gauza bakarra. Kontzeptuzko irudian Erdi Aro japoniarreko girotzea antzeman daiteke: fantasiazko samurai jantziak daramatzan pertsona ageri da zuhaitz erraldoiz jositako baso ederrean.

Kota Furushima Game Freakeko zuzendaria “zirraratuta” azaldu da prentsa oharrean: “Gure aurreko lanetatik guztiz desberdina den IP deigarria garatzeko ilusioarekin gabiltza”. Pokémon da, inolako zalantzarik gabe, estudio japoniarraren frankiziarik ezagunena, baina azken urteotan Tembo the Elephant, Little Town Hero zein HarmoKnight bezalako lan txikiak nahiz bereziak garatu dituzte.

Project Bloom zertan datzan ikusteko asko falta da oraindik, zoritxarrez. Arduradunek nabarmendu dutenez, 2026ko urte fiskalean kaleratzea aurreikusten dute; hortaz, proiektua garapeneko lehen faseetan baino ez dago oraindik.