Lau koloretan salduko dute; bakoitzak Game Gearreko bideojokoen bilduma desberdina edukiko du.

Segak 60. urteurrena bete du aurten. Hori ospatzeko asmoz, 1990ean estreinatutako kontsola eramangarriaren bertsio berria kaleratuko du: Game Gear Micro benetan dimentsio txikiak dituen kontsola da.

Horren txikia da, bere pantaila modu erosoagoan ikusteko Big Window Micro lupa osagarria ere salgai jarriko duela Segak. Game Gear Micro eskuan erraz eramango den kontsola izango da, 80mm x 43mm x 20mm-ko neurriekin.

Iragarpenean azaldu dutenez, lau koloretan salduko da kontsola eramangarria. Koloreak ez dira lau produktuek edukiko dituzten desberdintasun bakarrak, baina. Bakoitzak Game Gearreko bideojoko klasikoen bilduma desberdina izango du.

  • Beltza: Out Run, Puyo Puyo Tsu, Royal Stone eta Sonic the Hedgehog.
  • Urdina: Baku Baku Animal: Sekai Shiikugakari Senshuken, Gunstar Heroes, Sonic & Tails eta Sylvan Tale.
  • Horia: Nazo Puyo: Arle no Roux, Shining Force, Shining Force II eta Shining Force: Final Conflict.
  • Gorria: Columns, The G.G. Shinobi, Megami Tensei Gaiden: Last Bible eta Megami Tensei Gaiden: Last Bible Special.

Ez da Segaren lehen kontsola klasikoaren bertsio txikia izango: iaz Sega Mega Drive Mini izeneko kontsola kaleratu zuen. Horrekin bideojokoen beste hainbat enpresak hasitako bideari ekin zion enpresa japoniarrak. Nintendok eta Sonyk, besteak beste, kontsola klasikoen bertsio miniak atera dituzte azken urteetan.

Game Gear Micro urriaren 6an kaleratuko du Segak Japonian 4.980 yeneko preziora. Ikusteko dago nazioartean saltzeko asmoa duten, baina Mega Drive Miniaren bidea jarraituko dutela suposatu daiteke.