2027 hasieran estreinatuko da ordenagailuetan, HBOren telesaileko pertsonaiak eta istorioak hartuta.

Game of Thrones: War for Westeros lehenengoz mugimenduan ikusteko aukera egon da Gamescomean. Estrategia jokoaren lehen irudiekin batera, beta probaldia baieztatu du PlaySide Studios arduradunak.

Denbora errealeko estrategia titulu klasikoa prestatzen dabiltza, baseen eraikuntza, baliabideen bilketa, soldaduen entrenamendua, eta, bukatzeko, heroien erabilera elkartuta. George R.R. Martin idazlearen liburuetan oinarrituta egon beharrean, HBOren telesail ezaguneko lizentzia erabiltzen du bideojokoak, bertako aurpegiak eta istorioak bereganatuta.

Hau da, Jon Snow, Daenerys, Jaime Lannister edo Robb Stark gidatuko ditugu, bakoitza berezko abilezia bereziekin, soldadu arruntei nahiz dragoiei ere agintzen diegun bitartean. Egileek azaltzen dutenez, fakzio desberdinek ezaugarri eta baliabide propioak dituzte, “estrategia asimetrikoak” proposatuta: Stark, Lannister zein Targaryen etxeak zein gaueko erregearen armadak hautatuta.

Zazpi erresumetan zehar ariko gara armadak kudeatzen bakarkako kanpainetan nahiz online partidetan. Helburua, zelan ez, burdinezko tronuan esertzea izango da.

Aipatutako beta probaldia aurten abiatuko da; tamalez, ez dute data zehaztu. Gauza bera gertatzen da estreinaldiarekin: 2027rako aurreikusita dago, baina oraindik ez dute egunik jarri. Ordenagailuetan bakarrik estreinatuko da Game of Thrones: War for Westeros.