Applen App Storeko arauek ez dute streaming zerbitzurik onartzen. Web aplikazio bezala ezarri nahiko luke Microsoftek.

Xbox Game Passa PC eta kontsoletan ikusi ondoren, Androidera iritsi da. Laino bidezko jokoaren bidez Googleren sistema eragilearekin funtzionatzen duten gailuetan jokatu daiteke Microsoftek harpidetza zerbitzuko bideojokoetara. iOS gailuak, baina, kanpoan gelditu dira, eta hori aldatzeko lanean ariko ziren orain Xboxekoek.

iOS Project xCloud laino bidezko joko zerbitzuaren kanpoan geratuko zela iragarri zuen abuztuan Microsoftek; App Storeak ez du streaming zerbitzurik onartzen, eta beraz xCloud automatikoki kanpoan geldituko zen.

Business Insider webguneak aditzera eman duenez, App Storea ekiditeko bide baten bila dabiltza Xboxeko arduradunak: Phil Spencer Xboxeko buruak langileei “iOSen bai ala bai bukatuko dutela” agindu diela azpimarratu dute BIkoek.

Hori App Storerako aplikazio bat sortzea alde batera utzi eta web aplikazioa garatuta lortu nahi dute. Xbox Game Pass eta xCloud nabigatzaileen bidez ahalbideratuta ez legoke arazorik iOS gailuetarako argitaratzeko.

Project xCloud printzipioz gailu mugikorretarako pentsatuta dagoen arren, Xboxekoek PC eta Xbox kontsolatara eraman nahi dutela ere adierazi dute.

Ez da Applek bideojokoen garatzaileekin App Storeko arauengatik arazoak dituen lehen aldia. Sagarraren enpresakoek Epic Gamesen Fortnite ezabatu zuten saltoki digitaletik abuztuan.