Zaleen komunitateak sortuta, FEX emulagailua eta Proton bateragarritasun geruza ditu oinarri, ARM prozesadoreek x86 gailuetarako sortutako programak mugiaraztea lortuta.

GameNative 1.0 kaleratu du Utkarsh Dalal garatzaileak osatutako taldeak. Android gailuetan PCko bideojokoak exekutatzea ahalbidetzen duen tresnaren eguneratutako bertsioa da.

Steam, GOG edo Epic Games Store plataformetako bideojokoak hartuta, hainbat tresna eta programa bateratzen ditu mugikorretan, tabletetan edo Android kontsoletan funtzionaraztea lortzeko. Tartean, CodeWeavers eta Valve enpresek landutako bi erreminta handi daude: Proton bateragarritasun geruza eta FEX emulagailua, biak, iturburu kode askekoak.

Lehena aski ezaguna da, batez ere, GNU/Linux erabiltzaileen artean. Windows sistema eragilerako sortutako bideojokoak beste OS batzuetara itzultzen ditu. FEX emulagailua ezezagunagoa, berriagoa eta interesgarriagoa da, ordea: ARM prozesadoreek x86 gailuetarako sortutako programak mugiaraztea lortzen du.

Hau da, ordenagailu “arruntek”, betidanik ezagutu izan ditugunak, dituzten bideojokoak emulatu, eta hauek ARM prozesadoreak eta grafikak dituzten gailu mugikor txikiagoetan —ARM PCak ere ikusi dira— jokatzea posible da FEXi esker.

GameNativek hau guztia erabiltzearen prozesua errazten eta sinplifikatzen du. Berezko interfazearekin, saltoki eta plataforma desberdinetarako sarbide azkarra ahalbidetzen du, ondoren, gure jokoen liburutegia erakutsita, hauek deskargatzeko eta instalatzeko aukerekin. Erabiltzaileen parte hartzeari esker, joko bakoitzarentzako konfiguraziorik egokiena gomendatuko zaigu hasiera batetik, dozenaka aukeren artean funtzionamendurik onena erakutsi duena eskainita, eta, bukatzeko, agintearekin edo ukipen pantailarekin jokatzea proposatuta.

Ez da antzekoa egiten duen lehen programa: GameHub edo Microsoft-en Prism ikusi ditugu aldez aurretik, esaterako. GameNativen 1.0 bertsioarekin aurreko beta adabakietan ikusitako akatsak txukundu, berritasunak inplementetatu eta aukerak gehitu dituzte komunitateko kideek.

Aplikazioa zoragarria bada ere, bere arazoak eta akatsak dituela nabarmendu beharra dago. Hasteko, FEX emulagailuak errendimendu galera dakar; hau da, jokoak emulatzeko prozesua ez da perfektua, eta fotograma batzuk galduko dira bidean. Jarraituz, prozesadore batzuekin bateragarritasun kaxkarra erakusten du: zehazki, Mediatek-en Dimensity eta antzekoetan. Mugikor askok erabiltzen dituzte hauek, eta, dirudienez, driver-en euskarri eskasa dela-eta, ez dira aproposenak GameNativek proposatzen duenerako, batez ere, 3D grafikoei dagokienez.

Snapdragon etxeko Adreno txartel grafikoak dituzten gailuak erabiltzea gomendatzen da, oraingoz.

Bukatzeko, aipatutako guztia kontuan hartuta, oraindik hobetzeko asko duen emulagailua da FEX. Bideojokoaren arabera, denetarik ikusiko dugu: itzel funtzionatzen duten aspaldiko AAA jokoak, edo gaizki dabiltzan egungo indie xumeak aurki ditzakegu probak egiterakoan. Hala eta guztiz ere, askok ederki gozatuko dute jokoak gailu desberdinetan probatzen.

GameNative bera, FEX eta Proton erritmo ikaragarrian hobetzen doazela azpimarratu beharra dago, emaitza hobeak eskainita. Komunitateak gailu eta joko desberdinen arteko errendimendu eta bateragarritasun datuak partekatzeko webgunea prestatu du, zorionez, ezer instalatu aurretik gutxi gorabeherako emaitzak ezagutzeko.

GameNative webgune ofizialetik nahiz Github orrialdetik jaitsi dezakegu Android gailuetarako.

 

Steam Frame-aren zain

Zaleen lana ikusita, orain, Valven txanda da. Errealitate birtualeko Steam Frame gailuek ARM prozesadorea erabiliko dute; hau da, GameNative alboratuta, aipatutako FEX ezin Proton hartuko dituzte Windows jokoak exekutatzeko.

Hortaz, Android-erako Steam bertsio berezia ikusiko dugu kaskoekin batera. FEXen eta bestelako programa zein erreminta guztien gaurkotutako eta prestatutako bertsioak ere heltzea espero da. Gailura iragarri zutenean, “jokoak probatzen” dabiltzala adierazi zuen Lawrence Yang Valveko ingeniariak: “Funtzionatzen ote duten baieztatzeko, eta, sarritan funtzionatzen dute, ustekabe ederra izan da zein ondo dabiltzan ikustea”, dio Steam Deck-aren arduradun nagusiak.

RAM eta biltegiratze krisia medio, uda bukatu aurretik ikusi behar omen ditugu Steam Frame —eta Steam Machine— gailuak: zurrumurruen arabera, laster entzungo ditugu berriak. Kaskoekin batera iritsiko dira FEXen eta Androiderako Steam bezeroaren inplementazio ofizialak.

Zer gehiago? FEXek irekitzen dituen ateei buruz mintzatu ginen SteamOS, ARM prozesadoreetan: muga guztiak hautsi nahian artikulu berezian.