Abuztuaren 25etik 27ra bitartean egingo dute, Geoff Keighley eta IGNrekin elkarlanean. Aurretik Gamescom Epix kanpaina hasiko dute.

Beste hainbat esparrutan bezala, koronabirusak bideo-jokoen industrian eragiten ere jarraitzen du. Esate baterako, nazioarteko azoka handiak burutzeko hauek goitik behera eraldatzea beharrezkoa izan da, E3arekin ikusi den modura. Gauza bera gertatzen da Europako bideo-jokoen azokarik handiena den Gamescomekin: 2021eko edizioa formatu digitalean egingo dutela iragarri du German Games Industry Associationek.

Ez da lehen aldia izango, iaz ere sareetan egin baizuten Koloniako ekimena. “Gamescom 2021 ekimen guztiz digital bezala eratzea erabaki du GGIAk”, adierazi dute antolatzaileek azokaren web orrialdean. “Erabaki hau gure bazkideekin eta partaideekin egindako hizketaldi luzeen ondorioa da. Hori dela eta, antolatzaileek egitasmo fisikoetan parte hartu ezin duten estudioen gaur egungo egoera kontuan eduki dute”.

Bideo-jokozaleentzat erakargarriagoak izateko webgunearen interfazea eta funtzionamendua guztiz eraberrituko dituztela agindu dute arduradunek. Bertan bideo-jokoen, aurkezpenen, elkarrizketen eta bestelako ekitaldien jarraipena modu erosoan egiteko bideak prestatuko dituzte.

Gamescom 2021 abuztuaren 25ean hasiko da; hiru egunetan banatuko dituzte aurkezpenak, 27an bukaera emanda. Aurretik, baina, zer ikusi egongo da: ohi bezala Opening Night Live egitasmoarekin emango dio hasiera Geoff Keighley kazetariak azoka honi.

Gainera, aurreko egunetan Gamescom Epix deitutako kanpaina abian jarriko dute.”Sare sozialetatik zabalduko dituzten jarduerekin zaleek azokan aurkeztuko diren edukiekin elkar eragina eduki eta sariak irabazteko aukera izango dute”, diote arduradunek.