Abuztuaren 25etik 27ra egingo da bideo-jokoen azoka europarra. Aurten formatu digitalean gauzatuko dute.

Gamescom ekimeneko arduradunek aurtengo azokan izango diren enpresa eta garatzaileen zerrenda argitaratu dute webgune ofizialean.

Guztira hemezortzi enpresa aipatzen dira bertan, etorkizunean gehiagok parte hartzeko aukera nabarmentzen duten arren. Gamescom 2021ean 505 Games, Activision, Aerosoft, Assemble Entertainment, astragon Entertainment, Bandai Namco, Bethesda Softworks, Electronic Arts, GAMEVIL COM2US Europe, Headup, Indie Arena Booth, Koch Media, NExT Studios, SEGA Europe, Team17, Thunderful Games, Ubisoft, Wargaming eta Xbox egongo dira beraien bideo-jokoak aurkezteko.

Abuztuaren 25ean egingo duten Opening Night Live aurkezpenean batuko dira aipatutako enpresak, eta ondoren askotariko jarduerak egingo dituzte. Horien artean Indie Arena Booth Online gune birtuala nabarmendu dute, non 80 bat indie abentura “sakontasunean” erakutsiko dituzte. Aurtengo jarduera guztiak formatu digitalean burutuko dituzte, beste hainbat egitasmok egin modura.

Aurtengo azokak jorratuko duen gai nagusia ezagutzera eman dute Gamescomekoek. “Bideo-jokoak: normaltasun berria” izenpean, bideo-jokoak pandemia garaian zein ondoren gizartea eraldatzeko daukaten indarra aldarrikatuko dute modu horretara, formatu digitala eta sarea nabarmenduta. Ideia horren barnean “Bideo-joko gehiago diru gutxiagorengatik” bezalako solasaldiak egingo dituzte.

Facebook Gaming, TikTok, Twitch eta YouTube bezalako zerbitzuetatik jarraitu ahalko da Gamescom 2021 abuztuaren 25ean hasten denetik abuztuaren 27ra arte.