505 Games argitaratzaileak ezustean kaleratu du Lab Zerok sortutako akziozko RPGa Nintendoren kontsolan.

Skullgirlsen garatzaile Lab Zeroren azken bideojokoa, Indivisibleezustean argitaratu da Nintendo Switcherako. Horrenbesteko ezustea izan da, garatzaileak ohartarazi gabe kaleratu duela 505 Games argitaratzaileak.

Lab Zeroko kideak apirilaren 28an Twitter bidez zorion mezuak jasotzen hasi zirenean konturatu ziren Indivisible digitalki argitaratu zela Nintendoren eShopean.

Bideojokoa crowdfunding bidez finantzatu zuten Indiegogo plataformaren bitartez; bertan zehaztutako helmugen artean aurkitzen zen Nintendoren kontsola hibridoan argitaratuko zutela behin finantziazioa lortuta.  

Hori horrela, orain arte ez zegoen argitaratze datarik zehaztuta Lab Zeroren edo 505 Gamesen aldetik. Switcherako porta ez dute Lab Zerokoek garatu, hori egiteko kontratatutako beste garatzaile talde batek baino.

Eduki falta

Mike Zaimont Lab Zeroko kideak azaltzen duenez, “porta egiteaz arduratu direnek lan bikaina egin dute”. Hala ere Switcheko bertsioa eduki faltarekin datorrela nabarmendu du: “erabilitako bertsioak ez du joko kooperatiborik, ezta New Game + aukera ere”.

Indiegogoko finantziazio kanpainan lagundu eta Switcherako bertsioa eskatu zutenek ere ez dute jaso jokoa aktibatzeko kode digitalik edo bertsio fisikorik.

Jokoa inolako iragarpenik eman gabe eta bertsio zahar bat erabilita kaleratzeagatik barkamena eskatu du Zaimontek: “argitalpen honek ez ditu Lab Zeroren kalitate oinarriak betetzen”. 505 Games ez da mintzatu argitaratzearen inguruan.

Switcheko bertsioarekin batera, Indivisible PC, Playstation 4 eta Xbox Onean jokatu daiteke