Enpresa japoniarrak bere pertsonaien edo unibertsoen modeloak eta bestelakoak kentzeko DMCA eskaera bidali dio Facepunch Studios taldeari.
Garry’s Mod ezagunak ezingo du Nintendoren edukiak biltzen eta eskaintzen jarraitu. N handiak bere modeloak, animazioak, efektuak eta bestelakoak ezabatzeko agindu die bideojoko osoan bilakatzen bukatu duen mod-aren arduradunei.
Valve taldearen Source garapen motoreaz baliatzen den mod bezala jaio zen Garry’s Mod. Garry Newman sortzaileak sandbox erako lana garatu zuen, motorearen baliabideak hartuta edozein motatako sorkuntzak zein joko motak prestatzeko aukera ahalbidetuz.
Sourceko baliabideak ez ezik, kanpoko modeloak, testurak, efektuak zein beste hainbat elementu inportatzeko aukera dauka. Hori horrela, zaleek sortutako nahiz beste bideojokoetako denetariko fitxategiak erabil daitezke GModen, behin honetarako moldatuta.
Hori dela-eta, 1,8 milioi baliabide baino gehiago aurki ditzakegu bideojokoaren Steam Workshop orrialdean. Eskaintza zabalaren artean, nola ez, Mario, Zelda, Metroid edo Nintendoren ia frankizia guztietako elementuak ditugu.
Nintendoren hainbat baliabide desagertzen hasi zirela ohartu ziren modaren erabiltzaileak, eta obraren arduradun Facepunch Studios honen inguruan mintzatu zen atzo: “Zuotako batzuk Nintendorekin harremana duten hainbat artikulu tailerretik ezabatu direla ikusiko zentuen”, diote Steamen argitaratutako oharrean. “Ez da akatsa, kentzeko eskakizuna Nintendoren aldetik iritsi zaigu”.
Modaren sortzaile originalak ere gauza bera aipatu du bere sare sozialetan. “Ezabaketa eskakizunak Nintendok baieztatutakoak direla adierazi didate, beraz horretan jarraituko dugu. Barkatu”.
Arduradunen arabera, DMCA ( Digital Millennium Copyright Act) eskakizuna “bidezkoa da”. Edukiak “Nintendorenak direla” diote, eta horrekin ahalbidetzen edo debekatzen dutena “euren ardura” dela azaldu dute Facepunchekoek.
Marioren edo Linken unibertsoetako baliabideak bilatzea eta ezabatzea ez da horren lan erraza izango, ordea. Esan bezala, Garry’s Modek dituen ia 20 urteetan nagusitu diren edukiak dira, eta ehundaka elementu aurki ditzakegu sarean sakabanatuta. GModen Workshopean ‘Mario’ idatzita, 5.327 sarrera ikus daitezke albistea idazterako unean; ‘Zelda’ terminoak, bestalde, 781 baliabide erakusten dizkigu.
Hauek identifikatzeko laguntza eskatu du Facepunchek: “Nintendorekin harremana duten edukiak ezabatzen badituzu, asko eskertuko genizuke”.
Harrera eskasa izan du albisteak, nola ez. Zaleen artean sumina nagusitu da, eta Steameko orrialdean Nintendoren aurkako aldarrikapenak irakur daitezke.
Egia esan, harrigarriena Nintendok ia 20 urtez halakoak baimendu izana da. Antzeko kasuetan azkar eta irmo ibili dira Kiotokoak euren lizentzietako edukiak bereganatzerakoan.
Iruzkinak