Lehen jokagarritasun bideoa erakutsi du The Coalition taldeak. Locust inbasioa biziko dute Marcus Fenix-ek eta bere taldekideek.

Xbox Games Showcase eta ondorengo Gears of War: E-Day Direct aurkezpenen protagonista handia izan da Gears of War: E-Day. Kaleratze data eskaini digute Xbox Game Studios-ekoek: urriaren 6an kaleratuko da Marcus Fenixen abentura berria. Xbox Seriesetan zein PCan ikusiko dugu.

Lehen jokagarritasun bideoarekin batera aditzera eman dute eguna. Jakin genuen bezalaxe, Emergence Day sonatuan girotuko da GeoW berria; hau da, Locust inbasioa du abiapuntutzat. Marcus Fenix, Dominic Santiago eta gainerako borrokalariak hiri ikusgarria zeharkatzen ikus daitezke trailerrean: bidean Locusten denetariko piztiei eta erronkei aurre egin beharko diete.

Sagaren oinarri guztiak berreskuratzen ditu E-Dayk: hirugarren pertsonako ikuspegia, tiroketa nahiz sarraski odoltsuak, parapeto bidezko defentsak, eta, zelan ez, motozerrak. Bakarka zein kooperatiboan gozatzeko kanpaina modalitatea, eraberritutako horda partidak, eta jokalarien arteko sareko tiroketak bilduko ditu bideojoko berriak.

Unreal Engine 5 garapen motorearekin orain arteko istoriorik ilunena eta latzena eratzen dabiltzala aipatzen dute The Coalition estudiokoek. 4K bereizmenak, segundoko 60 fotogramak, eta PC eramangarrientzako euskarria nabarmentzen dira prentsa oharrean: Steam Deck, Xbox Ally eta gainerakoetan arazorik gabe funtzionatuko omen du.

Hori horrela, PlayStation 5 bertsioa guztiz alboratu dute Microsoft-ekoek. Edo, agian, ez: Jeff Grub kazetariak adierazi duenagatik, nonbait “bukatutako PS5 bertsioa memoria batean gordeta dago”. Esklusiboen aldetik Xboxek hartutako aldaketa erabaki bortitzak bere lehen biktima sortu du, beraz, eta, jokoa prest egon arren, ez genuke Sony-ren gailuan ikusiko.

Xbox Series eta PC plataformetan argitaratuko da Gears of War: E-Day urriaren 6an.