PS5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da; ordenagailuetan, Epic Games Store bidez argitaratuko du Epic Games Publishing-ek.
genDESIGN estudioak gen ATLAS erakutsi du beste behin. Fumito Ueda zuzendari japoniarrak mundu irekia eskainiko du berriz, oraingoan, robot erraldoiak ardatz hartuta.
Ahaztutako, baina bizirik jarraitzen duen planeta misteriotsuan esnatuko da protagonista. Amaigabeko lurrak, abandonatutako instalazioak eta etengabe aldatzen ari den itsasoa ikusiko ditu. Mundu zabalean, baina, robot erraldoia dauka zain. Honen buru gainera igota, hau hegan gidatzeko aukera edukiko dugu; itxura batean, robot desberdinen gorputzak kontrolatu ahalko ditu buruak, Tengen Toppa Gurren Lagann anime ezaguneko Simon protagonistak egin bezalaxe.
Robotak mundua esploratzeko bideak irekiko ditu, objektuak mugitzeko aukera ahalbidetuta… zein beste robot batzuen aurka borrokatzeko gaitasunak eskainita. Halere, gure protagonista robotetik jaitsi eta beste ekintza batzuk burutzeko gai izango dela dirudi; adibidez, tiroketak egongo dira, izaki bitxiengandik babestu beharko baikara.
Girotzea aldatzen bada ere, Uedak ICO, Shadow of the Colossus edo The Last Guardian handietan ikusitako ideia batzuk mantenduko dituela hauteman daiteke.
Plataformak ere baieztatu dira. Kontsoletan, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan jokatu ahalko da. PCan, Epic Games Publishing argitaletxearen babesa duenez, Epic Games Store saltokian baino ez da estreinatuko. gen ATLASek ez dauka kaleratze datarik.
Lander Unzueta
Iruzkinak