4K bereizmena, testura hobeak eta karga denbora murriztuak agindu ditu PlayStationek modan dagoen doako RPG abenturarentzat.

Kostata, baina miHoYo eta PlayStationek azkenean zehaztu dute Genshin Impact arrakastatsua Sonyren azken kontsolara iritsiko den eguna: apirilaren 28an jaitsi ahalko dute jokalariek milioika abenturazale batu dituen abentura.

Doako rol bideo-jokoa era guztietako hobekuntza teknikoekin iritsiko da PlayStation 5era. Zhenzhong Yi miHoYoko zuzendariak PS Blogean jakitera eman duenez, 4K-ko bereizmenerako euskarria prestatu dute bertsio honetarako. Bideo-jokoak ahalik eta itxura ederrena izateko testurak eguneratuko dituzte. Horrez gain karga denbora laburragoak ere agindu ditu Yik kontsola berrian.

PS4an jokatzen dutenek dagoeneko hasitako partida PS5era eramateko gai izango direla baieztatu dute arduradunek; orain arte gordetako partidak plataformen artean elkarbanatzeko aukera PC, Android eta iOSen artean funtzionatzen zuen soilik, baina orain Sonyren kontsolen artean ere ahalbidetuko du miHoYok.

 

Eduki gehiago jokalarientzat

PlayStation 5era iristearekin batera 1.5 eguneraketa ere jasoko du Genshin Impactek. Beneath the Light of Jadeite izenarekin, nabarmentzeko dakartzan berritasunen artean bi pertsonaia daude: Eula eta Yanfei eskuratzeko aukera edukiko dute jokalariek. Trounce Domain zein etsai nagusi berria ere ekarriko ditu adabakiak.

Gainera, norbere etxeak apaintzeko aukera edukiko dute jokalariek: gero eta apaingarri gehiago jarrita baliabideen truke aldatu daitekeen Realm Currency moneta lortzen joango dira automatikoki.

Jokalariek aurrerapenak azkarrago egiteko aldaketa txikiak ere gaineratuko ditu 1.5 eguneraketa honek.

Genshin Impactek izugarrizko arrakasta lortu du PC, PS4, Android eta iOS plataformetako jokalarien artean. miHoYok azkenaldian jokalari kopuruaren zenbaki ofizialik eskaini ez duen arren, doako RPGak 40 milioi jokalari inguru edukitzea aurreikusten da. Switcherako bertsioa ere aipatu izan duten arren, garatzaileek ez dute horren inguruko berritasunik eskaini.