Abenduaren 30era arte botoa emateko epea irekita egongo da; partaideen artean sariak zozkatuko ditugu!

Estreinaldi erraldoiak, ustekabeko handiak nahiz pozez txoratzen utzi gaituzten bideo-jokoak ikusi ditugu 2021ean. Garai zailak diren arren, industriak indar betean jarraitzen duela erakutsi du; izan ere, kritika zein zaleen aldetik balorazio bikainak jaso dituzten obra asko ezusteko hutsak izan dira.

SARTU HEMEN ZURE BOZKA EMATEKO!

It Takes Two-ren proposamen kooperatiboak jokalari asko maitemintzea lortu du; Forza Horizon 5-ek auto lasterketen zaleak zein astiro ibiltzea gustuko dutenak elkartu ditu Mexikon; Resident Evil Village-rekin meme mordoa ikusi ditugu, baina batez ere, beldurra pasarazi digu; Metroid sagaren itzulerarekin amestu dute askok, eta aurten Dread zoragarriarekin bizi izan dugu horixe bera; antzekoa gertatu da Age of Empires-en estrategiarekin: hainbat urteren ondoren Microsoft-ekoek azkenik kaleratu dute laugarren atala; azkenik, nola ez, Halo desiratuaren itzulera aipatu beharra dago: gure artean da Infinite desiratua.

Beste mota bateko ustekabekoak ere izan ditugu, noski: Cyberpunk 2077-rekin atsekabetuta geratu dira asko eta asko; halere, CD Projekt RED estudioaren zientzia fikziozko abenturarekin izugarri gozatu dutenak ere badaude.

Aipatutakoak baino askoz gehiago kaleratu dira aurten, eta ziur horietatik hainbat urteko bideo-jokorik onenen artean egon direla zuentzat. Hori dela eta, Game Erauntsia Elkartetik euskal bideojokozaleen komunitatearen iritzia ezagutu nahi dugu.

Horretarako, #GESarien 2021eko edizioa aurkezten dizuegu: kategoria desberdinak sortu ditugu esparru desberdinetako bideo-joko guztiek beren txokoa izan dezaten.

 

Denentzako kategoriak

Iaz egin bezala, urteko jokorik onena, indie onena, akzio eta abenturazko jokorik onena, rol joko onena, multijokalari onena, gailu mugikorretarako jokorik onena eta etorkizunera begira gehien espero duzun jokoa dira sortu ditugun kategoriak. Urteko jokorik onena aukeratzerakoan, hau hautatzearen arrazoia zehaztea eskatzen dizugu: azal ezazu labur, zure iritzia jakin nahi dugu eta.

Aurten, baina, bi kategoria garrantzitsu gehitu ditugu: euskal jokorik onena eta euskaratutako jokorik onena. Euskal garatzaileek kaleratutako joko mordoa ikusi ditugu 2021ean; horrez gain, bai garaitzaileek, bai zaleek itzulitako lanez gozatu ahal izan dugu baita ere. Game Erauntsiatik benetan pozik gaude honengatik, eta kategoria propioak merezi dituztela uste dugu.

Albistea argitaratzen den unetik eman dezakezu zure botoa. Abenduaren 30era arte izango duzue galdetegia betetzeko; urteko azken egunean iragarriko ditugu bideojokozale euskaldunen bideo-jokorik gogokoenak.

 

Opariak urtea ondo bukatzeko

Gainera, gabon garaia izanik askorentzat bideo-jokoetara jokatzeko une aproposa da baita. Hori horrela, #GESarietan parte hartzen dutenen artean gabonetako zozketatxoa egingo dugu: bideo-jokoak erosteko nahi duzun plataformarako 20 euroko txartela irabaz dezakezu; ez hori bakarrik, beste hainbat bideo-jokoren kodeak oparituko ditugu partaideen artean.

SARTU HEMEN ZURE BOZKA EMATEKO!

Ez dago aitzakiarik beraz: parte hartu eta hautatu 2021eko bideo-jokorik onenak! Eta nola ez, ederto pasa gabonetan eta gozatu urteko azken egunez. Eskerrik asko aurten gurekin egoteagatik!!!