Abuztuaren 20an kaleratuko dute PS5-erako eta PS4-rako. Jatorrizko bertsioa dutenek ordaindu egin beharko dute behin betikoa eskuratzeko.

Zurrumurruak bueltaka ibili ondoren azkenik PlayStationek eta Sucker Punchek baieztatu egin dute Ghost of Tsushimaren Director’s Cut deitutako behin betiko bertsioa prestatzen ari direla PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletarako.

Atal teknikoan hobekuntzak gehitzeaz gain Iki izeneko irlarekin mapa eta istorioa handituko dituzte. Iki Tsushima ondoan aurkitzen den irla da; tropa mongoliarrek hau inbaditzeari ere ekin zioten Japoniako inbasioa hasi zutenean. Jin Sakai protagonista bertaratu eta “iraganeko uneak gogora ekarriko dizkion momentuak” biziko ditu bertan. Pertsonaia eta etsaiak, armadurak, teknikak, minijokoak eta askoz berritasun gehiago gaineratuko dizkio pasarte berri honek jatorrizko abenturari.

Hobekuntza grafikoei dagokienez, PS5eko bertsioak 4K dinamikoetako bereizmenera funtzionatuko duela baieztatu dute arduradunek PS Blog-etik. Bereizmen horrekin 60 fps-etara jokatuko dute belaunaldi berrian dabiltzan jokalariek, eta gainera bikoizketa japoniarra hautatzerakoan ezpainentzako sinkronizazioa ahalbidetu dutela diote, bertsio berriarekin zinematika guztiak denbora errealean errenderizatu daitezke-eta.

Hori bai, jatorrizko jokoa erosita dutenek ordaindu egin beharko dute Director’s Cut hau eskuratzeko. Bertsio berriak 19,99 eurotako prezioa du, eta belaunaldi berrira igarotzeko 9,99 euro ordaindu beharra daude. Hau da, PS4ko jokoa edukita PS5ean jokatu nahi baduzu, 29,99 euro ordaindu beharko dituzu. Joko osoa erosteko kasuan, 69,99 euro balio ditu PS4an, eta 79,99 PS5ean.

Ghost of Tsushima Director’s Cut abuztuaren 20an kaleratuko dute PlayStation kontsoletan.