Nixxes estudioa arduratuko da Sucker Punch taldearen samuraien eta ninjen abenturaren port-a garatzeaz. Eduki guztiak jasoko ditu ordenagailuetan.

PlayStation-ek Ghost of Tsushimaren PCko bertsioa ezagutzera eman du. Maiatzaren 16an Sucker Punchen azken tituluaren Director’s Cut edizioa kaleratuko du ordenagailuetan.

Iragarpena PlayStation Blog atariko artikuluarekin egin dute. Bertan adierazi dutenez, Nixxes Software izango da PCko bertsioa sortzeaz arduratuko dena; hau da, bereziki portak garatzeko bereganatutako estudioaz baliatuko dira berriz, aurretik Marvel’s Spider-Man bezalako tituluak ordenagailuetara eraman ondoren.

XIII. mende bukaerako Japoniara bidaiatuko dugu Ghost of Tsushiman. Korearen mugan aurkitzen den Tsushima irla izango da kokaleku nagusia: hau mongoliar inbasiotik babestu beharko dugu Jin Sakai samuraiaren rola hartuta.

Mundu irekiko akzio eta isilpe abentura da; era batean, Assassin’s Creed sagaren bidea jarraitzen duen lana da Sucker Punchena.

Jatorriz 2020an kaleratu zen PlayStation 4 kontsolan, baina PCkoa, esan bezala, 2021ean merkaturatutako zuzendariaren bertsioa izango da. Behin betiko edizioak abenturaren eduki gehigarri guztiak bilduko ditu: Iki irlak joko originalaren maparen handitzea ekarriko ditu, misio zein arma, etsai, armadura eta elementu berriekin.

Lagunekin erronka kooperatiboetan murgiltzeko aukera ere egongo da ordenagailuko jokalarientzat: historio misioetan bikoteka ibili ahalko gara, edo, bestela, biziraupen joko motan beste hiru lagunekin batera. Kooperatiboaz gain, beste lagun baten aurkako borrokak bizitzeko modalitatea proposatuko digute.

Nola ez, Nixxesek garatutako portak era guztietako hobekuntza teknikoak jasoko ditu. Pantaila zabalentzako zein ultrazabalentzako euskarria ikusiko dugu; ez hori bakarrik, Nvidia DLSS 3, AMD FSR 3 edo Intel XeSS eskalatze teknologiak erabiltzeko aukera egongo da; bukatzeko, DualSense agintearentzako euskarri ofiziala ere gehituko dute egileek.

Esan bezala, maiatzaren 16an estreinatuko da Ghost of Tsushima Director’s Cut PCan: Steam eta Epic Games Store saltokietan eros dezakegu jadanik.