One More Level garatzailea beste batez batu da 505 Games banatzailearekin. Abentura originalak 600.000 ale baino gehiago saldu ditu.

Ghostrunnerren katanak, jauziak eta ziztu bizian gainditu beharreko mailak itzuli egingo direla baieztatu du One More Levelek. Iaz estreinatutako akziozko abenturak bigarren atala izango du PCrako eta belaunaldi berriko kontsoletarako.

Informazio gehiegirik eman gabe egin dute iragarpena garatzaileak zein 505 Games banatzaileak. “Oso pozik gaude etorkizunean argitaratuko dugun Ghostrunner 2rengatik”, diote banaitzaileko arduradun nagusiek. “One More Levelekin batera emozioz betetako bideo-joko erakargarria eratu dugu. Elkarlan berri honek jokoen merkatu poloniarrean 505 Gamesen presentzia indartzeko balio du, Europan bideo-jokoen garapenean, proiektu berrietan eta talentuan lehena dena”.

Jatorrizko jokoarekin lortutako arrakasta ere nabarmendu nahi izan dute arduradunek. Bost milioi euroko aurrekontuarekin garatutako proiektuak 600.000 ale saltzea lortu zuen PC, PS4, Xbox One eta Switch plataformetarako obrarekin, “arrakasta handiko bideo-jokoa izatea lortuta”.

2021 bukaeran Ghostrunnerren lehenengo atala PS5erako eta Xbox Seriesetarako prestatuko dutela aurreratu dute gainera; jatorrizko bertsioa erosita dutenek doan jasoko dute belaunaldi berrirako jokoa.

Bigarren jokoaren argitaratze data zehaztu gabe geratu dira, baina “laster” xehetasun gehiago eskainiko dituztela aldarrikatu dute One More Levelekoek.