Tango Gameworks eta Bethesda estudioen akziozko jokoak azkenik baieztatu du argitaratze data: martxoaren 25ean estreinatuko da PC-an eta PS5-ean.

Urte erdi baino gehiago eman dute isilpean, baina Tango Gameworksekoak beren hurrengo lanaren xehetasun guztiak argitzeko aurkezpen luzearekin etorri dira ia ezustekoan: Ghostwire Tokyok bizirik jarraitzen du, eta azkenik oinarrizko jostagarritasun mekanikak zehaztu ditu.

20 minutuko bideoarekin gidoiaren zertzelada batzuk, magiaz betetako borrokak eta Tokion girotutako paisaiak erakutsi ditu bideo-jokoak. The Evil Within sagako beldurrezko elementuak pixkat alboratuko ditu oraingoan Tangok: akzioa izango da nagusi Ghostwire Tokyon, eta borroka benetan bereziak izango dira protagonista.

Mamuei eta bestelako deabruei aurre egiteko ninjen esku seinuak gogorarazten dituzten teknikak erabiliko ditu abenturako pertsonai nagusiak. Horiekin magiazko eraso desberdinak sortuko ditu: sua, elektrizitatea eta bestelakoak egongo dira jokalarien eskura. Arkua eta bestelako tresnak ere nabarmendu dituzte aurkezpenean; horrez gain, gantxo magiko batekin Tokioko eraikinetatik gora egin ahalko da, sabaietako sekretuak eta ikuspegiak ezagutzeko.

Ikumi Nakamura zuzendariak bere lanpostua utzi zuen, baina egungo taldea izan da aurkezpenean jokoari buruz hitz egiten: Kenji Kimura zuzendariarekin batera egon dira Masatoshi Yanagi musikagilea, Reiko Hirashima pertsonaien diseinatzailea, Junya Fuyi kokalekuen diseinatzailea, Suguru Murakoshi diseinatzailea, Tsuyoshi Okuwaga programatzailea, eta nola ez, Shinji Mikami Tango Gameworksen arduradun nagusia.

Orain egun batzuk filtratu zen jokoaren argitaratze data, eta aurkezpen honetan baieztatu egin dute: martxoaren 25ean kaleratuko dute Ghostwire Tokyo. Hilda zegoela zirudien arren, jokoak itxura oso interesgarria duela aitortu beharra dago. Girotze eta jostagarritasun propioek lan interesgarria eratzen dute.

Tango eta bere arduradun nagusia, Bethesda, Xbox-ek erosi bazituen ere, bereganatze aurretik egindako esklusibotasun akordioak mantenduko ditu Ghostwire Tokyok; hau da, kontsoletan PlayStation 5-erako soilik estreinatuko da. Hala ere, PCan jokatzeko aukera egongo da baita ere. Martxoaren 25ean estreinatuko da.