Spider’s Thread eguneraketa apirilaren 12an estreinatuko da Tango Gameworks-en jokoari kokalekuak, etsaiak, abileziak eta misioak gehitzeko.

Bethesda-k jakinarazi duenez, Ghostwire: Tokyo Xbox Series kontsoletan kaleratuko dute. Microsoft-en gailuetara iristeaz gain, PC-ko zein PlayStation 5-eko bertsioentzako doako eduki gehigarria prestatzen ari dira Tango Gameworkseko garatzaileak.

Espantsioa Spider’s Thread deituko da, eta denetariko berritasunak gehituko dizkio akziozko eta beldurrezko bideojokoari. Esanguratsuena, ziurrenik, toki berria izango da: horren ezagunak diren Japoniar instituetako girotzea hartuko du beldurrezko elementuekin jarraitzeko.

Hemen zein gainerako kokalekuetan betetzeko misioak gehituko dituzte Tangokoek, biltzeko objektu berriekin batera. Horiez gain, nola ez, orain arte ikusi gabeko magiak eta armak eskuratuko ditugu: teknikak eta talismanak aipatzen dituzte prentsa oharrean.

Berritasunekin bukatzeko roguelike modalitatea aurkeztu dute arduradunek. 30 maila dituen ziega gainditzea izango da honen xede nagusia —eskuz sortutako 130 gelen arteko konbinazioak proposatuko ditu—: bizia galtzerakoan bidaia hasieratik abiatu beharko dugu berriz, oinarrizko jokoko planteamendutik aldenduta. Ziegan abilezia eta botere berriak desblokeatuko ditugu, gainera.

Apirilaren 12an iritsiko dira aipatutako guztiak Xbox Seriesera oinarrizko jokoarekin batera —Game Pass-ean ikusiko dugu—, baina baita iaz kaleratutako PS5eko eta PCko bertsioetara ere.

Arrakasta handiegirik lortu ez duen arren, Tango Gameworksen lanak balorazio nahiko positiboak ditu bai prentsaren, bai zaleen aldetik. Beraz, proposamenak erakartzen bazaitu nahiko merke aurki dezakezu saltokietan; bestela, beti dago Game Passetik jokatzeko aukera.