Gibbon: Beyond the Trees Broken Rules-ek garatutako eta kaleratutako bideojokoa da, 2022ko maiatzaren 18an plazaratu zena. Nintendo Switch eta Playstation 4 zein 5 kontsoletarako eros daiteke. Ordenagailuaren kasuan Itch.io eta Steam saltokietan aurki daiteke eta horrez gain Apple Arcade-n dago eskuragarri.

2D ikusmira erabiliz jokalari bakarrarentzako esperientzia eskaintzen du jokoak. Giboiak deritzen primate batzuen istorioa kontatzen du abenturak, zuhaitz adarretan eta bestelakoetan zehar mugitzeko sistema berezia aurkeztuz. Bitartean, naturarekiko errespetua bultzatzea bilatzen duten hainbat informazio eskaintzen ditu.

 

Naturaren biziraupenaren eta askatasunaren izenean

Bideojokoa Asia hego-ekialdean bizi diren giboiak deritzen primate batzuetan oinarritzen da. Egoera zaurgarrian dagoen espezie hau ezaguna da biologoen artean bere berezitasunengatik. Beso oso luzeak dauzkate, eta hauekin zuhaitz adarrez-adar mugitzerakoan zeharo trebeak dira. Horrez gain tonu altuko soinu luzeak sortzeko gai dira, hori dela eta, “primate abeslariak” direla esaten da.

2D jokoa izanik, ezkerretik eskuinerantz joanez, bi atal ezberdin eskaintzen dizkio jokalariari, lehena, “Istorioa” (Story) bezala izendatua, kontakizun nagusia azaltzen duena da. Yellow, Pink eta Lilac izeneko giboiek abentura berezi eta arriskutsu bat biziko dute, beraien bizilekutik at distantzia handia egitera eramango dituena. Oinarrizko kontakizun honen bataz besteko iraupena 60 eta 90 minutu artekoa da eta hamar kapitulutan bananduta dago. Bukatutako kapituluak menu nagusitik hautatu ahal izango dira noiznahi.

Hirugarren kapituluan oinarrizko mugimenduen azalpenekin amaitzen du jokoak.

Bigarren atala “Askapena” (Liberation) deitzen da eta bertan hirukoteko beste giboi bat kontrolatuko dugu, beste animalia basatiak askatzen saiatuko dena. Kasu honetan ez dago istorio jakin bat eta aurkituko ditugun tokiak prozeduralki sortuta egongo ez diren arren, hauen agerpenaren ordena bai izango da ausazkoa. Askapena moduan jokatzean bi helburu nagusi daude, aipatutako animaliak kaioletatik salbatzea eta informazio interesgarria emango diguten “Entziklopediaren atalak” lortzea.

Joko honek kontrol oso xaloak aurkezten ditu, ulertzeko zailtasunik ematen ez dutenak. Ulerterrazak izan arren, ikasketa prozesua eskatzen dute. Lau botoi baino ez ditugu beharko: besoak erabiltzekoa, maldan behera irristatu edo korrika joateko balio duena, airean itzulipurdia egiteko balio duena eta bukatzeko, eskua zerbaitetara helduta daukagunean hau askatzeko balio duen botoia. Lehen bi botoietako bat sakatzeari uztean animaliak jauzi egingo du, automatikoki.

Sarritan ikusmira ederrak eta jauzi ikaragarriak eskainiko dizkigu bideojokoak.

Besoak erabiltzekoa mugimendu erabiliena da, zuhaitz-adarretan edo bestelakoetan aurrera egitea baimentzen digu eta posible bada altuera lortzeko ere balioko digu. Garrantzitsua da mugimendu honek inertzia lortzeko duen joera aztertzea, bideojokoaren mekanika mamitsuenetakoa baita. Kontraposizio gisa, irristaka/lasterka joateko botoia dugu. Maldan behera goazenean, abiadura gorena lortu ahal izango dugu irristatuz, baina toki lau edo aldapa goranzkoetan, posible izatekotan hobe da besoak erabiltzea, korrika joatea hau baino geldoagoa baita.

Yellow, Pink eta Lilac izeneko giboiek abentura berezi eta arriskutsu bat biziko dute, beraien bizilekutik at distantzia handia egitera eramango dituena.

Behin erritmoa hartzen dugunean, garaiera handiko jauziak egiten ikasiko dugu, hauetan, airean gaudela denbora nahikoa izango dugula baderitzogu, itzulipurdia egiteko aukera dugu. Itzulipurdi osoa egitea lortzekotan abiadura-bulkada nabarmena lortuko dugu, aurretiaz aipatutako inertzia hori zeharo areagotuz. Bukatzeko, eskua ireki eta heldulekua askatzeko botoia dago, oso gutxitan erabili ohi dena, baina zenbait kasutan eskertzekoa bilakatzen dena.

Oihana eta zibilizazioaren arteko herrixkak ere bisitatuko dituzte giboi hauek.

Aipagarria den beste ezaugarri bat zera da, jokoa maila handi batean “korrika doan” (runner) bideojokoa dela. Ez dago kontrolatzen dugun giboi edo primatea ezkerrerantz mugiarazterik, beti joango da eskuinerantz eta ez da geldituko. Bere abiaduran eragina izango dugu, baina aurrerantz ekingo du, etengabe. Istorioaren jolasteko moduan ez, baina Askapena moduan ia-ia “amaigabe korrika doan” (endless runner) bideojoko modu bezala har daiteke, atal bat bukatzerakoan atseden hartzea proposatzen duelako.

Dena dela, nahi izanez gero, aurrera jarraitzea edozein botoi sakatzea bezain erraza da. Askapenera jokatzerakoan, zenbait objektu ukitzen edo biltzen saiatuko gara, hauek harrapatzerakoan kale egiten badugu, aurrerantz jarraitu beharko dugu. Harrapatu ez ditugun objektuak beste jokaldi batzuetan agertuko zaizkigu.

 

Gizakiaren eraginaren neurria ulertuz

Gibbon: Beyond the Trees-ek iruditeria nahiko koloretsua erabiltzen du. Oihanetako mundu naturala islatzean, arbolek zein hauen adarrek leku berezia dute eta bereziki zainduta daude. Primateek aurrera egiten duten heinean paisaia berriak aurkituko ditugu, gizakiak naturan duen eragina azaleraziz.

Ikusiko ditugun oihanek, basoek, landaketa-eremuek, lantegiek zein hiriek kolore hautaketa ezberdinak izango dituzte baina marrazketaren estilo orokorra mantendu egingo da. Soinu aldetik oihanaren atalari ere bere tokia eman diote garapenean eta bertako soinuak sinesgarriak dira, nireak bezalako belarri arrotzentzat behintzat.

Batzuetan palmondo olioa lortu nahi duten landategi handiak aurkituko ditugu.

Esan beharra dago, Broken Rules garatzaile taldeak ahalegin berezia egin duela bideojoko hau garatzean. Giboien gaur egungo errealitate latzaren berri eman nahi zuten, horretarako ekimen desberdinetan lan egiten duten elkarteekin bildu eta informatu ziren. Asia hego-ekialdean zehar animaliak, gizaki indigenak eta erliebea zaintzen saiatzen diren talde hauek informazio garrantzitsua eman zieten Broken Rules-eko langileei.

Bideojokoaren entziklopedia atalak biltzean, arlo hauetan kontzientziazio asmoa duten testu txikiak lortuko ditugu, egoera hauek hobeto ulertzeko. Hauetako zenbait gai honakoak dira: nahita eragindako suteak, deforestazioa, eskala handiko landaketa, isilpeko ehiztari ilegalak eta beste zenbait.

Entziklpediak eskainitako informazioak laburrak bezain argigarriak dira.

Ezagutzera eman nahi dituen gauzen artean primate hauen inguruko informazioa dago, baita pairatzen ari diren egoera zaurgarria ere. Primate abeslariena entzunda neukan, baina ezagutzen ez nuen kontzeptu bat “brakiazioa” (brachiation) da, besoekin egiten den lokomozioari egiten dio erreferentzia. Giboi eta siamangak dira metodo hau erabiltzen duten espezieak, hominoidea goi-familiako beste espezie batzuek semi-brakiazioa egiteko gai diren arren. Aipagarria deritzot bideojokoa maila handi batean mugimendu mota honetan oinarritzen delako, lokomozio era hau adierazteko ahalegin berezia egin dutela nabaritzen da.

Ez dago kontrolatzen dugun giboi edo primatea ezkerrerantz mugiarazterik, beti joango da eskuinerantz eta ez da geldituko.

Garatzaileek “eguneroko korrikaldia” (daily run) aukera gehitu zuten. Hau erabiliz jokalariak egun horretarako proposatzen den mailara jolastuko dute eta beraien emaitzak mundu mailako beste jokalari batzuenekin konparatu ahal izango dituzte.

Oihana arrotza zaien gizakien hiriak ezagutzera ere iritsiko dira giboi hauek.

Jokoak kontzeptu interesgarri eta berezia aurkezten duen arren, funtsean oso sinpleak diren mekaniketan oinarritzen da. Hori dela eta, tarte laburretan jokatu dudan jokoa da, orokorrean egun bakoitzean kapitulu bakarra egiten nuen Istorioaren atala jolasterakoan.

Ondoren, jokoaren luzera 90 minututik 5 ordukora luzatzeko gaitasuna duen Askapena izeneko modua dator. Kasu honetan, askoz lasaiago egin nuen, jolasten nuen egun bakoitzean saiakera bat edo bi eginez. Den-dena jarraian egin nahi izatekotan zenbait jenderentzat errepikakorra izan daitekeen jokoa dela deritzot, oro har ekarpen on bat egiten duela uste dudan arren.

Natura eta mugimendu sistema sinple baina berezia aurkeztuz Gibbon: Beyond the Trees abentura bitxia dugu. 2D jokoak gogoko izan eta kontrol sinpleak erabiltzeko prest daudenentzat ordu eta erdiko ibilbide entretenitua proposatzen du. Primate hauen bizimodua eta gizakien zibilizazioak beraiengan izan duen eragina ezagutu nahi izatekotan aukera interesgarria da. Ordu eta erdiko iraupena dauka, jokatzeko beste modua erabiliz 5 ordu ingurura luza daitekeena. %91ko emaitza positiboa dauka gaur egun Steameko erabiltzaileen iruzkinen arabera.