Jatorrizko God of War estreinatu zenean nerabezaroa igarotzen nenbilen; ez da harritzekoa, beraz, Kratosen lehen irudi ikaragarri horiek nire begirada inolako arazorik gabe erakarri izana. Espartarra etsaiak modu ikaragarrietan akatzen ikustea zen ohikoena Hobby Consolas aldizkariko argazkietan, eta horixe bera zen garatzaileen adierazpenek saldu nahi zutena. Horrela, arerioak biolentuki hiltzeko dozenaka finisher-ak edo mugimendu bereziak ziren Sony Santa Monica estudiokoek jokalariak erakartzeko asmatu zuten bidea 2005. urtean. Oso ohikoa garai hartarako —baita gaur egunerako ere, ez dugu gezurrik esango—.

Ares gudaren jainkoaren aurkako odisean aritu zuten askok sarraskiok baino ez zituzten ikusi; zorionez, PlayStation 2 kontsolako God of Warrek nahiz bere jarraipenek are gehiago zeukaten eskaintzeko. Greziar mitologian girotutako istorio interesgarria, kokaleku ikusgarriak, eta, biolentzia nagusi zeukan arren, jokagarritasun aparta. Abentura eta akziozko bideojoko dibertigarria eratzeko tekla guztiak asmatu zituzten estatubatuarrek.

Hori dela eta, jokalari askok —neu barne— sentipen ezkorrak eduki zituzten 2016ko PlayStationen E3 azokako aurkezpenean Kratos berriz ikusterakoan. Girotze berriarekin, sagaren oinarriak modu batera mantendu, baina aldi berean mekanikak goitik behera aldatzera zetorren Santa Monicakoen jokoa. Ez hori bakarrik: Kratosek Atreus izeneko seme gaztearekin ekingo zion abenturari. Aldaketa hori benetan aproposa al zen ezagutzen genuen protagonistarentzat? Jokalarien artean askotariko eztabaidak irakur eta entzun daitezke oraindik horren inguruan.

 

Saga klasikoaren zaharberritzea

Aipatu modura, oinarriak bere horretan mantentzeko lana burutu dute garatzaileek. Borrokak, esplorazioa eta puzzleak dira nagusi 2018ko tituluan. Dena den, hasiera batetik argi geratzen da narratibaren kutsua zein testuingurua oso desberdinak direla; izan ere, azpititulurik edo zenbakirik gabeko God of War hau frankiziaren berrabiatzea dela esan dezakegu.

Aldi berean, baina, PS2ko eta PS3ko bideojokoen jarraipen zuzena da. Hauetan bizitako jazoerak gogoratuko ditugu: batzuetan keinu hutsak izango dira, baina zenbaitetan Kratosen istorioan eragin garrantzitsua izaten jarraituko dute. Orobat, joko zaharretara jokatu dutenak pozik egongo dira honekin, baina ez du inolako arazorik suposatzen frankiziako hasiberrientzat istorioa jarraitzerako orduan.

Egia esan, ez zen batere erraza GoW III-n ikusitako gidoiarekin jarraitzea. Nahiz eta arduradunek amaiera irekia hautatu —azken irudi ezagun horri buruz nabil—, Kratosen istorioa bertan bukatzen zen, inolako zalantzarik gabe. Horregatik, zaleek berrabiaraztea ikusterakoan sortutako zalantzak guztiz ulergarriak dira. “Kratos beste folklore bateko jainkoak akatzen hasiko da, eta kitto?”. Batzuentzat nahikoa zen, noski, baina beste hainbat zalek zerbait gehiago espero zuten.

Jainkoen sarraskia hainbatetan ikusiko dugu 2018ko jokoan, baina, zorionez, askoz harago joan izan nahi du Cory Balrog zuzendariak bere taldearekin. Eskandinaviar mitologia izango da oinarri berria: greziarrarekin egin bezala, elementuak gehitu eta istorioak eraldatu dituzte, pertsonai ezagunak, eta, modu batean, berriak aurkezteko.

Hauek, gainera, Kratosekin batera ezagutuko ditugu: jainko greziarrak zeharkatu duen erresuma berriko folklorea pixkat ezagutzen duen arren, Atreus semea eta beste lagun batzuk arduratuko dira testuinguruaren berri emateaz. Aurkakoa gertatzen da aitak semeari ematen dizkion azalpenekin, ordea: aurreko gertakarien azalpenak jokalari hasiberrientzat zein Atreusentzat direla esan daiteke.

 

Pertsonai ezagunak konplexuagotuz

Bideojokoaren hasieratik ohartuko gara arestian aipatutako kutsu aldaketaz: Kratosen emaztea —bigarrena— zendu berri da. Aita semeak goibelduta ezagutuko ditugu horren ondorioz; are gehiago, Kratosek Atreusekin duen harremana traketsa eta garratza dela nabarituko dugu. Gerrariak zitala eta errukigabea izatean jarraitzen duela ikusiko dugu abentura hasi bezain laster; halere, aurreko jokoetan ikusitako protagonistak aldaketa sakonak bizi izan dituela ere hautemango dugu. Erritmo geldoagoa dauka, orokorrean, baina eskertzekoa.

Hainbatentzat Kratosen nortasun aldaketa hori txarrera egindakoa da: orain ez da lehen bezalako biolentoa, edo, modu batean, ikusgarria. Denborarekin, zorionez, reboot honekin egindakoa jarraipen logikoa eta bikaina dela zabaltzen hasi dela ikusi dugula uste dut: Kratosek aurreko abenturetan bizitakoagatik ikasi du, eta sufritu. Hirugarrenaren bukaeran ikusten zen bilakaera hura da, baina seme gaztearen ondorioz oinazea eta damua areagotu egiten dira.

Kratos isilagoa da, urrun geratzen dira bere handiusteak eta harrokeriak: orain hitz bakoitza neurtzen du, eta isilik dagoenean ere, bere begirada pentsatzen ari denaren isla argia izan ohi da. Dena den, noizean behin antzinako protagonista hori izatera bueltatzen da: suminez betea eta suntsitzailea. Oraingoan, baina, jokoak ez du hori goraipatzen edo laudatzen; halaxe ikusten dugun bakoitzean beldurra ematen digu, batez ere bere seme Atreusen begietatik ikusita.

Semearekin haserretzen denean, argi geratzen da antzinako espartar jainko horren izaera ez dela erakargarria; guztiz kontrakoa, Kratosek barruan daraman amorru horrek gainerakoak atsekabetzea lortzen du. Gauza bera gertatzen da Atreusek, aitarengandik ikasita, eroaldi bortitzak bizi dituenean: ez dugu nahi gure protagonistak halakoak izatea.

Ultrabiolentzia horrek deserosotasuna eragitea bilatzen du bideojokoak. Antzinako jokoetan ikusitakoaren kontrakoa. Edo agian ez, baina nerabezaroan horrela bizi nituen. Hau guztia bikoizketa apartari esker indartzea lortzen dute: Christopher Judge eta Sunny Suljic aktoreen lana benetan azpimarragarria da.

Hori bai: nahiz eta esandakoak kontrakoa pentsatzera eraman dezakeen, bai biolentziak, bai ikusgarritasunak hemen jarraitzen dute: epikotasun eta triskantza uneak biziko ditugu berrabiatze honetan, baina, esan bezala, atzetik beste kutsu bat nabariko diegu.

Hau ez da kaltegarria tituluarentzat, guztiz aurkakoa; egia esan, emandako testuinguruagatik eta seriotasunagatik jazoera horiek are maila gorenagora eramatea lortzen dute Santa Monicakoek. Egitura ohiko abentura jokoarena bada ere, aita semeen arteko harremanak, Kratosen iragan gogorrak eta azkenaldian biek bizi izan dituzten gertakariek kontakizuna aberasteko ezinbestekoak dira.

 

Jainkoen indarra

Borrokak aipatu ditugu lehen, eta horiek jarraitzen dute ardatz izaten. Espartarrak arma berriarekin egingo die aurre munstroei eta piztiei: bere emaztearen aizkora magikoa hartuta sekulako kolpeak banatzen ibiliko gara berarekin. Hasiera batean borroka mekanikak sinpleak izango dira: bi eraso mota eta aizkora jaurtitzea izango dira egingo ditugunak. Mailaz igotzen eta abileziak biltzen joan ahala, mugimendu sorta zabala desblokeatuko dugu. Eraso bereziak, konboak eta bestelakoak egingo ditugu Kratosekin.

Aizkoraz gain, ukabilekin kolpeka ibiltzea ere posible izango da oraingoan. Aproposa etsaien erresistentzia barra apurtu eta hauei GoW sagako ohiko finisherrak egiteko: QTE elementuak alboratu egin dira oraingoan, baina beti bezain ikusgarriak izaten jarraitzen dute. Ezkutuarekin, bestalde, arerioen erasoak gelditu, eta, trebeak bagara, parry edo kontraeraso ikaragarriak egin ahalko ditugu. Bukatzeko, nola ez, sumin espartarraren itzulera ikusiko dugu: barra berezi bat betetzerakoan sekulako kolpeak emango ditu gure protagonistak, bizitza berreskuratzeaz gain.

Kratosek aurreko abenturetan bizitakoagatik ikasi du, eta sufritu. Hirugarrenaren bukaeran ikusten zen bilakaera hura da, baina seme gaztearen ondorioz oinazea eta damua areagotu egiten dira.

Bestelako ezustekoak ere ikusiko ditugu abenturan zehar, baina borroka mekanika berritzaileetako bat Atreusen arkuarena da: semeak aitari lagunduko dio etsaiei tiro eginez. Kratosekin egin modura, Atreusen abileziak hobetzen joango gara, gezi indartsuagoak desblokeatuz zein magia boteretsuak aurkituz. Ez gara askorik arduratu beharko, Atreusek ez baitauka bizi barrarik.

Dueluen mekanikak joko zaharretan ikusitakoen antzekoak badira ere, ez dugu sentipen hori izango; honen zergatia kameran dago. Borrokak urrunetik bizi beharrean, Kratosen sorbaldatik ikusiko ditugu orain. Hasieran kaltegarria dirudi, gure ikuspegia mugatuta egongo baita; dena den, azkar batean ikasiko dugu elementu bisualei zein Atreusen oihuei jaramon egiten arerioen erasoak saihesteko.

Arlo honetan egindako aldaketak eskertzekoak dira. Ez dago antzekorik eskaintzen duen beste titulurik, eta mekanika guztiek ondo funtzionatzen dute. Beste berritasunetako bat ekipamendu aldetik dator: protagonisten armak hobetzeko aukera egongo da, aurrekoetan bezala, baina baita armadurak aldatzekoa zein indartzekoa ere. Ipotx bikote baten laguntzari esker egingo ditugu hobekuntzak: kokalekuetatik banatutako baliabideak eta dirua erabilita burutuko ditugu erosketak.

Ekipamendu hobearekin gure maila orokorra areagotuko da. Orokorrean, istorio nagusia gainditzeko ez dugu honetan askorik sakondu beharko: bidean aurkitzen ditugunak erabilita lortutako mailarekin nahikoa izango da abenturan gailentzeko. Ez da gauza bera gertatzen, hori bai, hautazko erronkekin: hauek gainditzeko ezinbestekoa izango da bigarren mailako misioak betetzea eta horietako armadurak zein talismanak erabiltzea. Botoiak zanpatzea bideragarria izango da borroka errazenetan, baina zailenetan konboak modu aproposean erabiltzen eta erasoak ondo saihesten nahiz kontraerasoak egiten ikasi beharko dugu.

Funtzionamendua barneratuta, borrokez benetan disfrutatu dut: azken erronka guztiak bete ditut azkenean, ez ordainsariengatik, gozamen hutsa zelako baizik. Etsai nagusien aurkako borrokaldiak beti bezain ikusgarriak izaten jarraitzen dute, gainera: desafio maila aparta eskaintzeaz gain, jokoko unerik gogoangarrienak eratzen dituzte. Esan bezala, GoWen berrabiatzeak ez du ikusgarritasun izpirik galtzen; une batzuek lelotuta utzi naute, horren itzelak izanik.

 

Gozatzeko mundua

Barlogek eratutako munduari aipamena egin behar zaio, bai ala bai. Aberatsa, interesgarria eta ikaragarria: guztia dauka eskandinaviar mitologiako GoWek. Denetariko leku anitzetatik ibiliko gara; Bifrost zubiari esker erresuma desberdinetara bidaiatuko dugu, bakoitza bere girotzearekin, historiarekin, eta pertsonaiekin. Erronketara bideratutako hautazko pare bat kenduta, gainerakoak abenturan zehar ezagutzen joango gara.

Funtzionamendua barneratuta, borrokez benetan disfrutatu dut: azken erronka guztiak bete ditut azkenean, ez ordainsariengatik, gozamen hutsa zelako baizik.

Jokoaren atal grafiko apartari esker —2018koa izango da, baina gaur egun oso gutxi ditu parean— sortutako paisaiak sekulakoak dira. Gozamen hutsa da GoWko lurretatik galtzea. Gauza bera gertatzen da pertsonaien modeloekin eta animazioekin: maila bikaina daukate.

PC-ko bertsioan ibili naiz azken egunotan; zehazki, Steam Deck-ean gainditu dut abentura. 30 fps-ko tasara jokatu behar izan dudan arren —1080p-ra eta FSR aktibatuta, hori bai—, eskuko PC-ak ez du inolako arazorik izan bideojokoaren grafiko ikusgarriak mugitzeko.

Soinu banda ere goraipatzekoa da. Abesbatzarekin batera aparteko doinuak prestatu ditu Bear McCreary musikagileak; aproposak abentura girotzeko, baina bikainak bere horretan. Abentura bukatuta berriz entzuten jartzeko gogoa ematen dutenak.

 

Laburbilduz, jarratzaileen beldurrei eta zalantzei erantzun diete Santa Monicakoek. Maitasunez garatutako jokoa da 2018ko Kratosen abentura, eta hori bere xehetasun guztietan ikus daiteke.

Ekoizpen handien zaleentzat bideojoko aproposa da God of War: lineala izan daiteke, ikusgarria, eta sakontasunik handirik gabekoa. Edonola ere, behin bere mekaniketan, narratiban eta harremanetan murgiltzen hasita, AAA jokoetatik gailentzen den obra dela nabariko dugu. Kratosen eta Atreusen lehen abenturak jokalaririk zorrotzenentzako edukiak biltzen ditu: istorio harrigarria, borroka bereziak eta desberdinak zein esploratzeko mundu aberatsa bilatzen badituzu, ez egin uko.