Jokoa mugitzeko zehaztapen guztiak zerrendatu dituzte PlayStation-ekoek. Kratos eta Atreus aita semeen abentura urtarrilaren 14an estreinatuko da ordenagailuetan.

PlayStationeko joko esklusiboak PCra iristen jarraitzen dute: hurrengoa Santa Monica Studio garatzaileak 2018an PS4an merkaturatutako God of War bikaina izango da. Ordenagailuetarako bertsioak era guztietako berritasunak eta hobekuntzak ekarriko ditu, eta guzti horiek ezagutzera emateko trailer interesgarria prestatu dute arduradunek.

Nola ez, aldaketa gehienak atal grafikoan nabariko dituzte jokalariek. 4K-ko bereizmenean jokatu ahalko dute Kratos eta Atreus aita semeen abenturara segundoko 60 irudiko tasara. Horrez gain, kalitate handiko itzalak edota hobetutako islak edukiko ditu PCko bertsio honek.

Nvidia txartel grafikoen teknologia berriak erabiliko ditu baita ere: DLSS ezaugarriari esker bereizmen areagotuarekin joka daiteke errendimendua mantenduta; Reflex-ekin, berriz, latentzia baxua ziurtatuko da input lag-a ekiditeko.

Trailerrarekin batera gutxieneko nahiz gomendatutako baldintzak eta osagarriak biltzen dituen taula prestatu dute arduradunek. Bertan eskakizun desberdinak betetzeko beharrezkoak diren CPUak eta GPUak zehaztu dituzte. Egia da grafiko onekin jokatzeko eskatzen dituzten ordenagailuak benetan indartsuak izango direla, baina itxuraz optimizazio aproposa edukiko du God of Warrek.

Jetpack Interactive arduratzen da PCko port hau garatzeaz; hala ere, Sony Santa Monica dute atzean garapen prozesua gainbegiratzen.

God of War urtarrilaren 14an kaleratuko da PCan Steam nahiz Epic Games Store saltoki digitalen bitartez. Horren ondoren, Uncharted: Legacy of Thieves Collection-en txanda iritsiko da: 2022an merkaturatuko du PlayStationek ordenagailuetako bertsioa.