Protagonista berriarekin iritsiko da PlayStation 5era, borroka odoltsuak eta jainkoak mantenduz.

Santa Monica Studiok eta Sony Interactive Entertainment argitaletxeak God of War Laufey iragarri dute State of Play aurkezpenean.

Zurrumurruek aurreratu bezala, Kratos protagonista erabat alboratuko du joko berriak. Horren ordez, azken bideojokoetan ezagutu dugun Faye (Laufey) gerlaria izango da ardatza: Atreus-en ama eta Kratosen emaztea, alegia —Deborah Ann Woll aktore ezagunak jartzen dio aurpegia eta ahotsa, Ragnarök-en ikusi genuen modura—. Jokoak ez du aurreko atal edo istoriorik kontatuko, denon harridurarako. 2018ko GoW jokatu zutenek Faye zendutako unean hasi zuten: joko berria momentu horretan abiatuko da, Fayen heriotzarekin, jainkoen haraindiko Everywhen munduan.

Toki ezezagunean esnatuko da protagonista, baina azkar batean lortuko ditu agertuko zaizkion arriskuei aurre egiteko erremintak. Filtrazioek DMC estiloko jokoa aipatzen zuten, eta, hein batean borroka bizkorragoak ikusiko ditugula dirudi, baina, bestela, azken GoW jokoen elementuak eta mekanikak berreskuratzen ditu Laufeyk.

Atal grafiko ikusgarriarekin, Fayekin kolpeak banatzen, arerioak airen jaurtitzen eta exekuzio odoltsuak burutzen ariko gara. Bederatzi erresumetako jainkorik boteretsuenetakoa zen Faye, eta agerikoa da: ziztu bizian ibiliko da gudu zelaitik, kondairazko ezpata lortu ondoren. Erritmoa berebizikoa izango dela aurreratu dute egileek prentsa oharrean, kolpe batetik besterako inertzia mantenduz.

Girotze aldetik ikusiko ditugu aldaketarik handiena, Everywhen ez baita mitologia greziarrean nahiz eskandinaviarrean girotuko. Horren ordez, toki eta kultura guztietako jainkoak ageriko direla dirudi: egiptoar nahiz mongoliar mitologietako izakiak ikusi ditugu aurkezpen bideo luzean.

Jokoaren zuzendaritzan aldaketak ikusi ditugu Santa Monicaren aldetik, bukatzeko. Ariel Lawrence-k burutuko ditu zuzendari lanak oraingoan; Cory Barlog, aurreko tituluen zuzendaria, Sony Santa Monicaren sormen arduraduna da.

PlayStation 5ean estreinatuko da God of War Laufey. Arduradunek ez dute argitaratze datarik zehaztu.