PlayStation 5eko esklusiboa izango da. Jainkoen haraindiko Everywhen erresuman ariko gara zendutako Faye protagonista berriarekin.
PlayStationek otsailaren 16an kaleratuko du Sony Santa Monica Studioaren obra berria: God of War Laufey.
Dataren iragarpena sare sozialetatik zabaldutako trailer motzarekin egin dute arduradunek, jokoaren irudi berririk erakutsi gabe. PlayStation 5eko esklusiboa izango da, Sonyren azken erabakiak jarraituta; ez dugu PCko zein bestelako bertsiorik ikusiko.
Jainkoen heriotza osteko bizitza esploratuko du abentura berrian, oraingoan, Kratos atzean utzita. Bere —eta, Atreus semearen— ordez, saga eskandinaviarrean gutxi ezagutu dugun zendutako Faye emaztea izango da protagonista.
Jokagarritasuna bere horretan mantenduko da, halere, azken jokoen oinarri berberak mantenduta. Hirugarren pertsonako sorbalda gaineko ikuspegia, konboz betetako borroka odoltsuak eta magia boteretsuak izango dira Laufeyn ardatz nagusiak. Jainkoen haraindiko Everywhen deitutako erresumatik ariko gara; hori horrela, gure arerio nagusiak beste jainko batzuk izango dira, kasu honetan, edozein erresumako, erlijiotako edo mitologiako jainkoak, hain zuzen.
Duelu bizkorragoak eta ikusgarriak biziko ditugu Fayekin, aldi berean, aurreko bideojokoei eta Kratos zein Atreus familiari keinu eginez.
2027ko otsailaren 16ra arte itxaron beharko dugu God of War Laufeyk proposatzen duen abenturari PS5ean ekiteko.
Berregiteak eta telesaila
Laufey ez da itxaroten gabiltzan God of War bakarra, zorionez.
Hiru God of War originalen berregiteetan lanean ari da, baita, Santa Monica: oraindik jokagarritasuna erakutsi gabe jarraitzen badute ere, klasikoen oinarriak eta istorioa mantentzea dira helburuak. Kaleratze data zehatzik gabe, PS5ean ikusiko dugu God of War Trilogy Remake.
Gainera, Amazon Prime Video ekoizten ari den God of War telesailak aurrera jarraitzen du. Ryan Hurst izan behar zen Kratos —bideojokoetan Thor-en aktorea da—, baina, telesaila grabatzerakoan bizitako istripu baten ondorioz rola alboratu, eta, azkenean, Dave Bautista ezagunak hartu du gudaren jainkoaren papera.
Lander Unzueta
Iruzkinak