Trailer zinematikoarekin egin dute iragarpena. PlayStation 5 zein PlayStation 4 kontsoletarako prestatzen ari da Sony Santa Monica.

PlayStationek azkenik zehaztu du God of War Ragnarök desiratuaren kaleratze data: PS Blog-aren bidez jakitera eman dutenez, azaroaren 9an merkaturatuko dute.

Hori horrela, gutxi falta da Kratos eta Atreus aita semeak itzultzeko. Aurreko abentura bukatu eta urte batzuk igaro ondoren hasiko da titulu berria; iaz erakutsitako iragarpen trailerrean ikus zitekeenez, mekanika berberak mantenduko ditu.

Hortaz, akzioa eta abentura biltzen dituen obraren aurrean gaude. Eskandinaviar mitologian girotutako munduaren jarraituko dugu: munstroak, piztiak zein jainkoak akatzea izango da helburua. Kratosek abilezia berriak jasoko ditu, noski, berriz aizkorarekin eta ezkutuarekin ibiliko den arren.

Sony Santa Monica estudioaren obra ez da PlayStation 5 kontsolako esklusiboa izango; hala ere, momentuz Sonyren familian geratuko da, PlayStation 4ko bertsioa ere prestatzen ari baitira.

Iragarpena egiteko, gainera, trailer zinematiko laburra argitaratu dute. Bertan protagonistak borroka bizi batean parte hartzen agertzen dira: besteak beste, Fenrir otso erraldoiaren aurka egingo dutela ezagutzera eman dute.

God of War Ragnarök azaroaren 9an estreinatuko da PS5ean eta PS4an.