Azaroaren 9an kaleratuko da Kratos eta Atreus aita semeen abentura PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan.

PlayStationekoek goizaldeko State of Play aurkezpena joko handiarekin bukatu nahi izan dute. God of War Ragnarök izan da horretarako hautatutakoa: ez da gutxiagorako, sekulako trailerra prestatu baitute Sony Santa Monica estudiokoek Kratosen itzulera ospatzeko.

Beste behin Atreus semearekin ariko da bederatzi erresumetatik bidaiatzen. Ragnarökaren kondairari jaramon eginez, mundua bukatu egingo dela dirudi, eta horri aurre egiteko bideari ekingo diote protagonistek.

Istorioan sakontzearekin batera, jokagarritasun atalak ere ikus daitezke bideoan. 2018ko GoW-eko antzeko mekanikak agertuko dira; oraingoan, Kratosek mugikortasun askeagoa edukiko duela dirudi, eta bataila azkarragoetan parte hartuko dugu berarekin.

Aizkorarekin batera izan ditu, beste behin, Kaosaren Ezpatak. Mugimendu sorta zabala izatea espero da berriz, baita armadura eta botere mordoa ere.

Nabarmenena, baina, atal tekniko ikaragarria da. Trailerreko plano batzuk sekulakoak dira; are gehiago, Ragnarök PlayStation 5ean zein PlayStation 4an kaleratuko dela kontuan hartzen badugu.

Pixkat gehiago itxaron beharko dugu honetaz guztiaz gozatzeko: azaroaren 9an estreinatuko da God of War Ragnarök.