Kratos-en PlayStation 4ko abentura PC-ra iritsiko dela iragarri du Sony-k. Ohi bezala, ordenagailuen indarraz baliatzen diren hobekuntzekin estreinatuko da.

Kratos Steamera iritsiko da. Ezustean iragarri du PlayStationek PCra eramango duen hurrengo obra: Sony Santa Monica estudioak 2018an PlayStation 4 kontsolarako kaleratutako God of War. Iragarpena argitaratze datarekin egin dute; urtarrilaren 14an estreinatuko da Valven saltoki digitalean.

God of War: Ragnarok PS5erako eta PS4rako prestatzen dabiltzan bitartean helduko da aurreko atala ordenagailuetara.

Era guztietako hobekuntzekin merkaturatuko dute: 4K bereizmena, segundoko irudien desblokeatutako tasa eta grafikoak doitzeko aukera edukiko du atal teknikoaren aldetik; Nvidia-ren txartel grafiko berrienentzako DLSS eta Reflex teknologientzako euskarria jasoko du, eta pantaila ultrazabalekin jokatu ahalko da; bukatzeko, kontrolak nahierara aldatu ahalko dira, bai aginteekin zein teklatuarekin eta saguarekin.

Iragarpena egiteko trailer ikusgarria prestatu dute gainera. Kratosen abenturak dagoeneko badauka Steameko orrialdea.