“Orain arteko eguneraketarik handiena” dela azpimarratu dute garatzaileek: dozenaka ezaugarri dakartza.

Godot bideojokoen motorea tresna ikaragarria da bai jokogintzan hasiberrientzat, bai garatzaile adituentzat. Orain, kode irekiko proiektuaren arduradunek hurrengo mailara eramatea lortu dute: argitaratu berri duten 4.0 bertsioarekin erreminta baliagarriak eta interesgarriak gehitu dizkiote motoreari.

4.0 bertsioa “orain arteko eguneraketarik handiena” dela diote Godot komunitateko kideek. Ez da harritzekoa, hiru urte baino gehiago eman baitituzte lanean azken eguneraketa estreinatzeko: “Motorearen berridazketa osoa nahiz nukleoaren berrikusketa hamazazpi alfarekin, hamazazpi betarekin eta sei RC-rekin egin ondoren, Godot apurtuz eta hasieratik sortuz, pozik eman diezazuekegu ongietorria Godot 4ren hasierara!”.

Dena den, bertsio berriaren argitaratzea “hasiera baino ez dela” nabarmendu gura izan dute. Oraindik zenbait akats eta bug aurkitzea ohikoa izango da, batez ere horren ohikoak ez diren hardware berezietan.

Ezaugarri berrien zerrenda, suposatuko duzuen modura, ikaragarri luzea da. 3Daren zein errenderizazio orokorraren berrikusketa osoa, shader-ak zein efektuak, script elementuak, interfaze eta testu eguneraketak, nabigaziorako laguntzak eta beste dozenaka ezaugarri prestatu dituzte.

Albistean berritasun guztiok zerrendatzea zaila denez, blog ofizialean kaleratu duten artikulua irakur dezakezue, baita prestatu duten bideo sakona ikusi ere:

2D zein 3D jokoak garatzeko aproposa da Godot. Interfaze erabilerrazarekin, kodea sortzea, baliabideak erabiltzea zein bideojokoak probatzea bizkortzea da proiektuaren helburu nagusietako bat. Gainera, azken urteetan geroz eta sortzaile gehiago animatu dira erabiltzera: Game Maker’s Toolkit-en Game Jam ekimenetan ikus daiteekenez, 2020an aurkeztutako lanen % 7,5ek erabiltzen zuen Godot. Iazkoan, berriz, proposamenen % 15,6k hautatu zuten kode irekiko erreminta.

Motorea erabiltzen ikasteko dokumentazio landua nahiz ikastaroak ere eskaintzen ditu komunitateak. Game Erauntsiaren taldeetan parte hartzen duten garatzaileek, behintzat, hainbatetan gomendatu dute tresna hau; beraz, bideojokogintzan murgildu nahi izanez gero abiapuntu aproposa izan daiteke zuretzat.

Godot proiektuaren webgune ofizialetik jaitsi daiteke doan; ez hori bakarrik, Steam eta Itch.io saltokietan ere eskaintzen dute eguneraketak errazteko asmoarekin.