GOG Galaxy eraberrituko dute poloniarrek: Windows eta Mac bertsioak bizkorragoak izango dira. Komunitatea biltzeko GOG Social ere iragarri dute.
GOG saltokiaren arduradunek berritasun handiak iragarri dituzte lehen GOG Showcase aurkezpenean. Iragarpenik esanguratsuena GNU/Linux bertsioarena da: sistema askeetako erabiltzaileek GOG Galaxy natiboa jasoko dute datorren urtean.
Programa zaharberrituarekin ikusiko dugu Linuxen. 2027an iritsiko bada ere, behin betiko bertsioa estreinatu aurretik beta itxia abiatuko dutela jakinarazi dute: izen emateak ireki dituzte beren webgunean. Bideojokoak eta produktuak erabiltzeen esku uzteko bidea jarraitu duen plataforma izanik, harritzekoa izan da orain arte pinguinoaren distribuzioetatik kanpo geratu izana, zaleen eskaeren artean ohikoena izanik; poztekoa, dena den, azkenik iritsiko direla ezagutzea.
GNU/Linux programarekin batera, Windows zein Mac sistema eragileetarako GOG Galaxy berriztatuko dela jakinarazi dute poloniarrek, “sinpleagoa eta azkarragoa” izateko helburuarekin. Hala eta guztiz ere, argi diote: Galaxy “erabat hautazkoa” da; hots, “zure bideojokoak zureak dira deskargatzeko eta saretik kanpoko instalatzaileetan mantentzeko, beti izan den bezalaxe”.
Berritasunak ez dira horietara mugatuko. GOG Social alorrean ere lanean dabiltza, komunitatearen esperientzia hobetzeko asmoarekin. Foro eztabaidak eraberrituko dituzte, jokoetara lotutako orrialdeetan irudiak, bideoak edo inkestak partekatzeko aukerarekin, “algoritmoaren zarata” saihestuta, erabiltzaileek eta garatzaileek bat egiteko.
Aipatutako guztiak GOGen 18. urteurrena ospatzera bideratutako berritasunak dira. 2008. urtean sortu zen Good Old Games, aspaldiko saltoki fisikoetako zerbitzuak eta nortasuna berreskuratu nahian. DRM gabeko jokoak eskaintzea da bere izaeraren zatirik esanguratsuena; hau da, GOGen erositako bideojokoak erabiltzailearenak dira guztiz, instalatzaileak jaitsita, hauek nahi bezala gordetzeko eta erabiltzeko aukera eskaintzen baita.
Joko zaharrak berpiztera eta egungo ordenagailuetara moldatzera bideratutako GOG Preservation Program zerbitzua, mod euskarria, diru itzultzeak, eta, azkenik, enpresa handiekin batera DRMa kentzeko egindako akordioak: pauso handiak eman ditu GOGek ia bi hamarkadako ibilbidean. 2026 hasieran, gainera, Michał Kiciński plataformaren sortzaile originalak berreskuratu zuen saltoki digitala.
Lander Unzueta
Iruzkinak