Rare-k Nintendo 64 kontsolan 1997an kaleratutako tiro jokoak aldaketa gutxi jasoko ditu egungo kontsoletan.

“Ingalaterragatik, James”. Hitz horiek berriz irakurtzeko —ez entzuteko!— aukera izango dugu Alec Trevelyan akatzen dutela/akatzen gabiltzala gaur egungo kontsoletan. Izan ere, EEye 007 tiro joko ospetsua Nintendo Switch eta Xbox kontsoletan berrestreinatuko da: urtarrilaren 27an argitaratuko dutela adierazi dute Microsoft-ekoek.

Rare estudio britainiarrak 1997. urtean Nintendo 64an merkaturatutako titulu berbera izango da. Kontsoletako lehen pertsonako tiro jokoen aitzindariari buruz gabiltza, bai. Izen bereko filmaren gidoia jarraitzen du bideojokoak: Pierce Brosnan-ek antzeztutako James Bond espioiaren rola hartuta, satelite hilgarri baten mehatxuari aurre egin beharko diogu.

N64an estreinatzerakoan jokalari guztiak zur eta lur utzi zituen GoldenEyek. Garairako grafiko ikaragarriez gain, ordura arte PC-etan bakarrik ikusitako tiro jokoaren aurrean geunden. Hiru dimentsioko FPS honek zehaztasunez tiro egiteko eta egoera zirraragarriak bizitzeko aukera eskaintzen zuen.

Nabarmentzekoa zen, gainera, bere misioen egitura. Zailtasun mailaren arabera helburu nagusiak aldatzen joaten ziren: arerioen bizitza areagotu edo gure murriztu beharrean, erronkak modu organikoan areagotzen ziren, mailetako zoko gehiago esploratzea ezinbestekoa izanik.

Nola ez, multijokalaria ere aipatu beharra dago: azken unean eta ia kasualitatez gehitutako modalitate honengatik da horren joko maitatua. Lau jokalarirentzako dueluak bueltan izango dira bertsio berrian; hori bai, Switcheko erabiltzaileek online jokatzeko aukera edukiko duten bitartean, Xboxekoak tokiko partidetara mugatuta egongo dira.

Hori esanda, GoldenEye oso aldaketa gutxirekin helduko da egungo gailuetara. Horren gutxi, aipatzeak ia ez duela merezi; egia esan, emulatutako jokoaren aurrean gaude.

Ez da harritzekoa, baina horixe bera nabarmendu dute hainbat erabiltzailek sareetan: trailerretan ikus daitekeenez, hainbat akats txiki partekatzen dituzte emulatzaile bidez abiatutako jokoarekin. Esate baterako, munizioaren ikurra moztuta azaltzea.

Bereizmena igoko diotela ikus dezakegu arduradunek Xboxerako argitaratutako bideoan; segundoko irudien tasa egonkorragoa ere nabari daiteke —eta eskerrak—. Horrez gain, baina, ez dago azpimarratzeko aldaketarik. Switcheko bertsioak itxura kaskarragoa dauka, ordea: multijokalariko irudietan asko nabari da fps tasaren jaitsiera.

Tamalgarria da, Xbox 360 kontsolarako Rarek garatutako birmasterizazioak ofizialki argitaratu gabe jarraitzen baitu: proiektua ia guztiz bukatuta zegoen arren, Nintendoren presioengatik alboratu zuten. Halere, birmasterazioa osorik filtratu zen orain hilabete batzuk, eta emulatzaile bidez jokatzea posible da. Atal grafiko eraberritua, kontrol eskema berria eta misioak betetzen laguntzeko ikurrak gehitzen zituen.

GoldenEyez ofizialki gozatzeko bidea, beraz, urtarrilaren 27an kaleratuko den bertsioaz baliatzea izango da —edo jatorrizko kontsola eta jokoa edukitzea, noski—. Nintendo Switchean jokatzeko nahitaezkoa izango da Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuaren harpideduna izatea. Nintendo 64ko gainerako jokoen tratu berbera eman diote beraz Raren tituluari.

Xboxeko bertsiora jokatzeko hainbat bide egongo dira. Rare Replay bilduma erosita dutenek doan jasoko dute GoldenEye; horrez gain, Xbox Game Pass harpidetzan ere gehituko dute Microsoftekoek.