Datozen hilabeteetan Batmanen unibertsoko joko berriari buruz informazioa emango dutela agindu dute garatzaileek.

Zaldun ilunaren zaleak bideo-jokorik gabe geratuko dira beste urte batez. Joan den urteko abuztuan iragarritako Gotham Knights akziozko abentura kooperatiboa 2022ra geroratzeko erabakia hartu du WB Gamesek.

Informazio urria eskaintzen duen txio batekin egin dute iragarpena. Bertan ohiko arrazoiak zerrendatzen dituzte: “jokalariei ahalik eta esperientzia onena emateko denbora gehiago eskainiko diogu jokoari”.

Halere, berandutzeak ez du esan nahi informaziorik eman gabe geratuko direnik. “Datozen hilabeteetan jokoaren inguruko gauza gehiago erakustea aurreikusten dugu”, adierazi dute WB Games Montrealeko arduradunek.

Ez da estudio honek Batmanen joko batean lan egiten duen lehen aldia. Beraien lana da Batman Arkham Origins, bigarren Arkham jokoaren oinarriak hartuta eratutako abentura. Horrez gain azken Arkham Knighten eduki gehigarrietan ere lan egin dute Montrealekoek.

Gotham Knightsek Batman albo batera utzi eta Robin, Batgirl, Nightwing eta Red Hood izango ditu protagonista lanetan. Bakoitzak ahalmen eta mugimendu propioak erabiliko ditu, eta abentura lagunekin elkarlanean gainditzea posible izango da: akziozko RPG kooperatibo bezala aurkeztu zuten jokoa garatzaileek. Izan ere, mailaz igo eta botereak desblokeatzeko aukera egongo da abentura honetan.

PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox Onerako argitaratzea aurreikusita dago; esan bezala, 2022rako egongo da prest.