Urriaren 25ean kaleratuko da. Warner Bros. Games-en bideojokoa ez da iritsiko azkenik PS4 eta Xbox One kontsoletara.
Hilabete gutxi batzuk baino ez dira falta Batman zaldun ilunaren unibertsoan girotutako bideojoko berria jasotzeko: Warner Bros. Gamesekoak Gotham Knights akziozko abenturan lan egiten ari da. Bertan kontrolatu ahalko ditugun bi protagonistaren mugimenduak eta ezaugarriak ezagutzera emateko trailer berria aurkeztu dute orain: Batfamiliako kide diren Red Hood eta Nightwing heroiei buruz gabiltza.
Ia hamalau minutuko iraupena duen jostagarritasun bideoarekin ezagutu dezakegu bideojokoak eskaintzeko daukana. Batman Arkham sagan ikusitako oinarriak hartuta, kooperatiboa ardatz duen abentura izango da Gotham Knights: komikietako hiri ezagunean arerio arrunten zein superbilauen kontra ariko gara. Oraingoan, baina, ahaztu Batmanez —momentuz, behintzat—: aipatutako Red Hood zein Nightwing eta orain bi urte erakutsitako Batgirl nahiz Robin heroien kontrola hartuko dugu.
Borrokak, isilpeko misioak, motor gaineko jazarpenak eta gehiago bilduko ditu jokoak. Azken bideo honetan nabarmendu dutenez, heroi bakoitza pertsonalizatzeko aukera mordoa egongo da. Jantzietatik hasita, mailaz igo eta abilezia desberdinak desblokeatzeko eta hobetzeko bideak edukiko ditugu.
Zoritxarrez, bideoarekin batera egindako iragarpen batek erakarri du arreta guztia: hasiera batean PC, PlayStation 5, Xbox Series, PlayStation 4 eta Xbox One plataformetarako iragarri zuten arren, azken bi horien bertsioak bertan behera geratu direla adierazi dute Warnerrekoek, “ahal bezain esperientzia onena eskaintzeko”. Hortaz, esklusiboki belaunaldi berriko jokoa izatera igaro da Gotham Knights; bideoan ikusitako atal teknikoa, dena den, ez da horren adierazgarria.
Gotham Knights urriaren 25ean kaleratuko dute PC, PS5 eta Xbox One plataformetan.
Iruzkinak