Autoen salmenta ahalbidetu dute Polyphony Digital-eko japoniarrek. Eduki guztiak doakoak dira PS5eko eta PS4ko jokalarientzat.

Gran Turismo 7 apartak 1.26 adabakia jaso berri du: eguneraketak era guztietako edukiak gehitzen dizkio PlayStationen auto lasterketa jokoari. Besteak beste, zirkuitu guztiz berria eta hiru auto inplementetatu dituzte tituluan.

Amerikako Estatu Batuetako Michelin Raceway Road Atlanta da eguneraketa honetarako hautatutako zirkuitua; hamar orduko iraupena izaten duen Petit Le Mans erresistentzia lasterketaren egoitza nagusia da.

Autoen aldetik, hauek dira gidatu ahalko ditugunak: BMW M2 Competition, Ford Sierra RS 500 Cosworth eta Nissan Silvia K’s Aero S14 dira GT7ra iritsi berri direnak. Ez badituzu bideojokoaren eguneratzeak jarraitu, Polyphony Digitaleko arduradunek hilabetero joan dira auto berriak gehitzen.

Zale gehienen arreta erakarriko duten berrikuntzan diren arren, agian gehitu den azken ezaugarria izango da jokalari beteranoenak poztuko dituena; izan ere, autoen salmenta posible da azkenik GT7n.

Modu horretara, garajean ditugun autoak saltzeko aukera inplementatu dute Gran Turismoren zazpigarren jokoan. Zale amorratuenek hasiera batetik eskatzen zuten ezaugarria da; harritzekoa orain arte ez gehitu izana, aurreko joko askok berez ekartzen zuten aukera izanik.

Autoak saltzeko baina, baldintza batzuk bete beharko ditugu: ezinbestekoa da GT Cafe modalitateko menuak zein jokalari bakarrarentzako kanpaina gaindituta edukitzea.

Gran Turismo 7 joan den martxoan estreinatu zen PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan.