Cygames-en akziozko RPG txundigarriak trailerra aurkeztu du Granblue Fes 2020 ekitaldian, era guztietako berritasunak zehaztuta.

Hilabeteak zeramatzaten Granblue Fantasy frankizia arrakastatsuaren zaleek Relink interesgarriaren berririk jaso gabe. 2016. urtean iragarritako abentura honek garapen prozesu zaila eduki du, baina Cygameseko garatzaileek jarratzaileak lasaitu nahi dituzte: jokoarekin aurrera egiten dabiltza, eta datorren urtean merkaturatuko dute.

Iragarpena Granblue Fes 2020 ekitaldiaren baitan egin dute; 23 minutuko gameplay luze eta sakona eskaini dute gainera. Bertan lau jokalarirentzako partida kooperatiboa ikus daiteke: akziozko RPG abentura izango da Granblue Fantasy: Relink. Jokalarien taldeak pertsonaia desberdinak kontrolatuko dituzte, bakoitza bere indargune, ahulezia eta ahalmen bereziekin. Modu horretara askotariko etsaiei aurre egin beharko diete elkarlanean.

Jokoaren atal grafikoa nabarmentzekoa da. Cel shading teknika erabilita anime estetika koloretsu eta ikusgarria eratu dute Cygamesekoek. Efektuak aipatzekoak dira, jokalariek sekulako magiak eta botereak erabiliko baitituzte: guztiek batera erabiltzerakoan pantaila harritzeko efektuz josita egongo da.

Zegagrande Skydom erreinua esploratuko dute abenturazaleek. Istorioan aurrera egiteko misio eta erronka desberdinak gainditu beharko dituzte. Heroiak pertsonalizatzeko aukera egongo da: horretarako altxorrak bilatu beharko dira munduan sakabanatuta.

Une honetan jokoa alfa fasean dagoela adierazi dute garatzaileek; halere, orain arteko erronka guztiak aipatu dituzte ekitaldian, eta datorren urtera begira segurtasun handiz baieztatu dute ARPG obra kaleratuko dutela. Izan ere, 2016an iragartzerakoan PlatinumGames japoniarra zen jokoa garatzeko arduraduna; 2019an estudioz aldatu zuten, Cygamesekoek lan guztia beregain hartuta.

PlayStation 4-rako eta PC-rako iragarrita zegoen Granblue Fantasy: Relink, baina PlayStation 5-era iritsiko da baita azkenean.

Behin betiko bertsioa borroka jokoarentzat

Arc System Works estudio japoniarrak garatutako Granblue Fantasy: Versus bikainak eduki gehiago jasotzen jarraituko du gainera. Borroka jokoak bi borrokalari berri gaineratuko ditu: Vira eta Avatar Belial. Biak abenduaren 14an iritsiko dira Versusera.

Horrez gain, orain arteko eduki guztiak bilduko dituen Legendary Edition iragarri dute. Abenduaren 14an estreinatuko da digitalki PlayStationen zein Steam-en; edizio fisikoa ere edukiko du, baina hau 2022ko martxoan argitaratuko dute.