Urte eta erdi zain egon ondoren, PC plataformako jokalariek esku artean dute Grand Theft Auto V jokoa. Halakotan, askotan suertatzen den galdera ea optimizazioa zer nolakoa den izan ohi da… Jarraian erantzun baten bila jardungo dugu!
Lehenik eta behin, oso harrigarria egin zitzaidan jokoak beharrezko duen hardwarea zein den ikustea, beharrezko prozesadore, txartel grafiko eta abar oso arruntak baitira eta ez, inondik inora ere, iriskaitzak. Jokalaria den ia edonork gozatu ahal izango du mundu ireki itzel hau duen jokoarekin, 9800 GT txartel bat nahikoa izango baita (Radeon HD 4870 AMD erabiltzaileen kasuan).
Jokoa hasi eta egin nuen lehen gauza aukera grafikoetan murgiltzea izan zen. Ordu eta erdi pasa nituen atzo gauean aukerak gora eta behera, zerbait aldatzen nuen bakoitzean jokoa berrabiarazi eta benchmark delako frogak egiten. Aspergarria badirudi ere, probetxu handia atera nion prozesuari, eta jokoa gehiago gozatzea ahalbidetuko didalakoan nago… Gida txiki honekin zuek denbora gutxiago beharko duzuela espero dut!
Esan beharra dago jokoa oso ondo optimizaturik dagoela, eta lortzen den fps kopurua primerako dela. Baina badago gauzak hobetzeko aukera… Ikaragarria da joko honek eskaintzen duen aukera kopurua. Oinarrizko bereizmen, testura kalitate eta hainbatez gain, teselazioa, itzalen leundura, ingurumen oklusioa, islapenen antialiasinga eta abar kontrolatzeko aukera ere ematen ditu jokoak.
Oro har, aukerak igotzeak ez du eragin oso handirik, salbuespen batekin: antialiasing-a. MSAAren edozein bertsio aktibatuz gero, jokoa hain ondo ez doala oso nabaria da. Ez dakit ea MSAA algoritmoaren errua den edo Rockstarren aldetik inplementazio txar bat jaso dugun, baina gauzak nahi bezain ondo eta eder izan nitzan FXAA aktibatzea izan zen nire aukera bakarra. Belarraren kalitatearen eragina ere handia da, beraz baliteke aukera oso altuan uztea komenigarria izatea, ultrara pasa gabe. Bestela, eragin ertainekoak dira gehienak, islapenak, itzalak, ingurumen oklusioa eta teselazioa, besteak beste. Beldurrik gabe igo daitezke FXAA, populazioarekin zerikusia duten aukerak, uraren kalitatea eta motion blur delakoa, eragin txikia edo baztergarria izan ohi baitute.
Aukera garrantzitsuenak (nire iritziz, behintzat), testuren kalitatea, Post FX eta shader aukerak dira, eragin ertainekoak hirurak. Hauek oso baxu edukiz gero, jokoaren edertasun nagusia galduko da, kontsoletako bertsioen antzeko itxura handiagoa izango duelarik.
Beti bezala… Probak egitea onena! Jolastu aukera hauekin, behatu zeintzuk diren erabilgarrienak eta ez gelditu gustuko fps bat lortu arte! Optimizazio saileko artikuluren batean aipatu bezala, nik 30-35 fps-rekin nahikoa izan ohi dut, ahal bezain beste efektu sartzen dizkiodalarik jokoari puntu horretara heltzen den arren. Dena den, joko hau hain dago optimizaturik, ezen 50 fps ingurutan joka baitezaket aukera gehienak asko igoz. PS3an jokatu nuenetiko ezberdintasuna erraldoia da!
Zorionez, Rockstarrek ikasi zuen GTA IVk izan zuen port tamalgarria medio, eta orain, behar bezala dabilen eta ia edozein ordenagailutan joka daitekeen bertsio ikaragarri honekin. PCko bertsio honetan du, inongo zalantzarik gabe, Grand Theft Auto V jokoak inoiz izan duen itxurarik ederrena, baita errendimendu egokiena ere.
Xabi
// from Indie Totem
Oharra: NVidia nahiz AMDk atera dituzte joko honetarako prestaturiko driverrak, hauek eguneratu beraz jokatzen hasi aurretik!
Iruzkinak