PS5 Pro-a ere mugatuta egongo da. Aurrekarga abiatu dute Rockstar Games-tik: 212 GB hartuko ditu biltegiratzean.

Rockstar Games taldea azaroaren 19an estreinatuko den Grand Theft Auto VIren estreinaldirako xehetasun teknikoak eskaintzen hasi da. 30 fps-ko tasan mugituko da mundu irekiko bideojokoa kontsola guztietan.

PlayStation 5, Xbox Series S, PlayStation 5 Pro edo Xbox Series X, berdin dio: gailu guztien muga segundoko 30 irudietan egongo da. “Plataforma guztiak mugara eraman” dituztela diote egileek, aldi berean, “kontsoletan ahalik eta esperientziarik onena” bermatzeko apustua eginda.

PS5 Proa ere 30 fpstan ariko da borrokan GTA VIrekin, baina bestelako hobekuntzak eta ezaugarriak baieztatu dituzte Rockstarretik. PSSR (PlayStation Spectral Super Resolution) eskalatze sistema nahiz izpien trazadura bidezko itzalak erabiliko ditu seigarren atalak PlayStationen egungo gailurik indartsuenean.

Bestalde, hodeiko Xbox Cloud Gaming zerbitzua erabiltzen dutenek Xbox Series S kontsolako bertsioan ariko direla baieztatu digute egileek; hau da, grafikoki apalena izango den bertsioan.

Ostegunean prest egoteko, aurrekarga ere abiatu dute arduradunek. Dagoeneko 212 GB eskatzen dituen titulua deskargatzen has daiteke, ez, ordea, jokatzen: eskertzekoa, bertsio fisikoa ez baita existitzen. Azaroaren 19a iristerakoan, jokoa askatzeko fitxategiak jasoko dituzte jokalariek.

Leonida eskualdean, eta, batez ere, Vice City hirian ariko gara seigarren GTAn. Lucia eta Jason bikote protagonistarekin denetariko misioetan eta egoeretan parte hartuko dugu, ohi bezala, erabateko askatasuna proposatzen duen mundu irekia esploratuta.

Grand Theft Auto VI PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko da.