PlayStation 5 eta Xbox Series bertsioen erreserbak abiatu ditu Rockstar Games-ek. Kaxa fisikoak kode digitala baino ez du ekarriko.
Rockstar Games eta Take Two taldeek Grand Theft Auto VIren prezioa aditzera eman dute. 80 eurotan iritsiko da, azkenik, azaroaren 19an kaleratuko den mundu irekiko abentura.
Oinarrizko edizioarentzako prezioari buruz ari gara; hots, bigarren Ultimate Edition bat ere merkaturatuko da egun berean, 100 euroko prezioan. Gogoratu GTA VI PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko dela bakarrik, hasiera batean, behintzat.

Erreserbak abiatu dira jadanik: PlayStation Store nahiz Microsoft Store saltokietan jokoa erosteko aukera dago. Hori bai, adi: joko fisikoa erosten dutenek ez dute diskorik ikusiko. Kode digitala etorriko da kaxa barruan; alegia, hau saltoki digitaletan aktibatu ondoren jokoa deskargatu beharko da.
Ez dute biltegiratze baldintzarik zehaztu, baina argi dago 100 GBak soberan gaindituko dituela seigarren GTAk. Aurrekarga prozesua azaroaren 12an abiatuko da, guztia jaisteko denbora edukitzeko.
Ultimate Editionak ekarriko dituen edukiak ere aipatu dituzte webgune ofizialean, eta ez dira gauza gutxi. Ohiko ordainpeko ibilgailu, arma eta Lucia nahiz Jason protagonistentzako jantzi zein itxura sortarekin batera, misio, negozio eta jokoan aurrera egin ahala desblokeatuko diren ekintza berriak ere gaineratuko ditu. Oinarrizko jokoa erosten dutenentzat dena pentsatuta dago: Grand Theft Auto VI: Ultimate Edition Upgrade eduki gehigarria salduko dute.
Eduki bereziak ez dira hor bukatzen: jokoa azaroaren 20a baino lehen erosten dutenek Pack Vintage Vice City deitutakoa jasoko dute. Hemen ere ibilgailuak zein itxurak biltzen dira.
GTA Online gabe?
Zalantza handienetako bat GTA Online multijokalari modalitateari lotutakoa da. Rockstarrekoek GTA VI jokalari bakarrarentzako esperientzia gisa azaltzen dute, uneoro, webgune ofizialean. Hortaz, online ezaugarririk gabe iritsiko dela suposatzekoa da, GTA Vekin gertatu bezala.
Orain, sareko joko mota dohainik gehituko al dute, edo ordainpeko joko desberdina izango ote da? Ez dakigu nondik joko duten, baina, noski, zurrumurruen aldetik denetarik irakurtzen gabiltza.
Jokagarritasun edo aurkezpen bideorik gabe jarraitzen dugu: erreserbak abiatuta, Rockstarrek laster kaleratuko duela suposatzekoa da, aipatutako zalantzak argituz, zorte pixkatekin. Bitartean, webgunean dozenaka irudi berri argitaratu dituzte —Ultimate Editionak ekarriko dituen edukiekin—.
Grand Theft Auto VI azaroaren 19an argitaratuko da PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.

Lander Unzueta
Iruzkinak