Enpresaren 25. urteurrenarekin lotuko dute iragarpena. Mundu irekiko akziozko jokoen denetariko zurrumurruak entzun dira dagoeneko.

Rockstar Games enpresak hitz magikoak aipatu ditu azkenik. Ez du inor ezustean harrapatuko Grand Theft Auto VI garatzen ari direla jakiteak, baina oraingoan ofizialki baieztatu dute. Ez hori bakarrik, lehen trailer-a noiz aurkeztuko duten aurreratu dute: abendu hasieran ikusiko dugu.

Bloomberg agerkariak goizean aipatu du, eta bete-betean asmatu. “Pozik gaude abendu hasieran hurrengo Grand Theft Autoren bideoa argitaratuko dugula jakitera emateaz”, adierazi du Sam Houser Rockstarreko arduradun nagusiak sare sozialetan.

Iragarpena beste txio bati lotutakoa izan da. Datorren hilabetean Rockstarrek 25 urte beteko dituela gogorarazi dute estatubatuarrek; hori horrela, iragarpen bideoa urteurrenarekin batera zabalduko dutela pentsa dezakegu. Enpresak ez du urteurrenaren egun zehatzik eskaintzen ofizialki, baina hogeigarrena abenduaren 10ean ospatu zuten. Egutegian apunta ezazue, hortaz.

Azken urteotan era guztietako filtrazioak eta zurrumurruak ikusi ditugu, nola ez, GTA VIren inguruan. Nabarmenena orain urtebete jazo zen: aurrealfa bertsioaren 90 bideo baino gehiago filtratu zituzten. Bi protagonista nagusi egongo direla ikus zitekeen bideootan.

Aurretik hiri nagusia zein izango den entzun genuen: zurrumurruen arabera Vice City mitikora itzuliko gara seigarren atalean. Miamin oinarritutako kokalekura, beraz.

Hamar urte igaro dira GTA V arrakastatsua estreinatu zenetik. Hasiera batean PlayStation 3 eta Xbox 360 beteranoetan jokatu genuen, baina ostean PS4, Xbox One, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetara ere iritsi da. 185 milioi salmentak gainditu ditu bideojokoak.

Obra originalak ikaragarrizko kritikak bildu bazituen ere, benetako izarra GTA Online modalitatea izan da: gaur egun edukiak eta espantsioak jasotzen jarraitzen du, egunero milaka pertsona elkartuz.

Grand Theft Auto VIren lehen trailerra abendu hasieran aurkeztuko du Rockstarrek.