Bi protagonista kontrolatuko ditugu: horietako bat emakumezkoa izango da, lehen aldiz. Gutxienez bi urte itxaron beharko dira jokatzeko.

Rockstar Games-ekoen hurrengo proiektu handia, Bloomberg agerkariaren arabera, Grand Theft Auto VI desiratua izango da. Jokoari buruzko ezaugarriak zehaztu ditu Jason Schreier kazetariak, aldi berean enpresako lan kulturan emandako berritasunak aipatuta.

Kazetariak dioenez, GTA VI 2014tik prestatzen ari dira arduradunak. Aurreko atalak oraintsu kaleratutako bertsioak eduki dituen arren, bosgarren GTA 2013an estreinatu zela gogoratu beharra dago. Project Americas izenarekin, bideojokoen unibertsoko Miamira itzuliko garela dirudi; hau da, Vice City ezagunean girotuta egongo litzateke. Orain arteko maparik handiena izango da, gainera; barruko girotzeetan aberatsena ere izango da.

Ez hori bakarrik, behin bideojokoa kaleratuta dagoenean —oraindik urte pare bat geratzen zaizkio gutxienez, iturrion arabera— hiriak gehitzen joango lirateke eduki gehigarriekin. Hortaz, Vice Cityrekin batera beste kokaleku batzuk ikusiko genituzke. Bideojokoa denborarekin “eboluzionatzen” joango dela aipatzen da.

Berritasunik esanguratsuena, baina, protagonisten aldetik dator. Oraingoan ez ditugu hiru kontrolatuko istorioan, ezta bakarra ere: bi protagonista edukiko ditugu seigarren jokoa. Horietako bat, gainera, emakumezkoa izango litzateke; azpimarragarria da sagan ez dugula inoiz emakumerik kontrolatu —ez bada Online modalitatean, behintzat—.

Istorioa Bonnie eta Clyde lapur ospetsuetan oinarrituta egongo dela dirudi, eta hori izango da protagonisten harremanaren abiapuntua.

Bideojokoaren garapen epeek uste baino luzeagoak dira. Horren zergatia Rockstarren barne egiturari atxikitzen dio Schreierrek; izan ere, “lan kultura toxikoak” eragindako arazoen ondorioz bideojokoak garatzeko prozesua aldatu dute enpresan. Dirudienez, Red Dead Redemption 2 garatzerakoan langileek astero 100 ordura arte ematen zuten lanean.

Goi kargudunak kaleratuta, eta lanordu gehigarriak murriztuta, enpresaren egoera hobetu egin dela aipatzen dute Bloombergekoek, “lan baldintza hobeak bermatuz”. Schreierrek aipatzen duenez, COVID-19aren pandemiak ere eragin du epeetan, baina “langileak inoiz baino gogotsuago dabiltza lanean”.

Esan bezala, GTA VIren garapena luzerako doa oraindik. Ez dakigu ez noiz argitaratuko den, ez zein plataformatara iritsiko den.