Rockstar Games-ek mundu irekiko tituluaren xehetasun ugari eskaini ditu. Azaroaren 19an argitaratuko da PS5 eta Xbox Series kontsoletan.
Grand Theft Auto VIren “hedatutako begirada” aurkezpen berezia eskaini du Rockstar Games taldeak. Netflix-etik esklusiboki lehenengo, ordu batzuk beranduago gainerako plataformetan argitaratzeko, ia ordu erdiko jokagarritasun bideoak prestatu dituzte titulua lehenengoz —ofizialki— mugimenduan erakusteko.
Jason eta Lucia bikotearen misioak eta abenturak izan dira erabateko protagonistak aurkezpenean, azalpenak erabat alboratuta. Hiru misio ikusi ditugu, tiroketez eta auto bidezko ihesaldiez gozatuz. Horrez gain, hainbat zinematika eta mundu irekiko aukerak zein uneak ere erakutsi dituzte egileek.
Argi dagoenez, GTAren formula aldaketa handiegirik gabe mantentzen da seigarrenean. Halere, garatzaileek aipatutako xehetasunek berritasunak ezagutzeko aukera eman digute: GTA Ven maparen tamaina bikoiztu egingo da atal berrian, Vice City hiriaren tamaina ere gutxi gorabehera Los Santos-en bikoitza izanik.
Bideoan Red Dead Redemption 2ko ohore sistemaren antzeko zerbait ikusi dugu: dirudienez, profil kriminalari lotutakoa izango da, gure ekintzek bideratuta egon arren —txakurra laztanduta, adibidez, karma antzeko zerbait irabaziko dugula ageri da—. Bikote sistema ere inplementatu dute oraingoan: mundu irekian gabiltzala, bi protagonistetako batekin edo biekin batera ibili ahalko gara. Horrez gain, Jasonen eta Luciaren arteko harremana landuta, hau aldatzen joango da.
San Andreas-ko gimnasio ezaugarria bueltan dira, fisikoa aldatzeko aukerarekin, baita bosgarreneko fokuratze ahalmenak eta pertsonaiaz edozein unetan aldatzeko aukera ere. Lapurreta sistema eraberritu dutela dirudi: poliziak uneko informazioaren arabera egingo ditu bilaketak —adibidez, bikote bat bila dezakete—, eta guk hartutako erabakiekin jazarpena organikoki eraldatzen joango dela suposatzen da.
Ez dago esan beharrik, atal grafikoa sekulakoa da; argiztapena zur eta lur uztekoa da, baita animazioak, testurak, modelo kopurua zein beste dozenaka xehetasun txiki eta handi. NPCen 600.000 erantzun mota prestatu omen dituzte oraingoan; bosgarrenak 55.000 zituen.
Hori bai, segundoko fotogramen tasa 30era mugatuta egongo da —bideoan erakutsitako guztia PS5 arruntak mugitutakoa da—, hasiera batean behintzat: ez dute tasa altuagoa mantentzea lortu kontsoletan.
Bideoa kalitate gorenean ikusi nahi dutenentzako deskarga ahalbideratu dute, bukatzeko, Rockstarrekoek: hemendik jaitsi dezakegu.
Hau guztia ikusita, berandutzeez ahaztu gaiteezkela pentsatu beharko dugu: Grand Theft Auto VI azaroaren 19an argitaratuko da PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.
Lander Unzueta
Iruzkinak