Bi protagonista izango ditugu: Lucia eta Jason bikotea. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan kaleratuko dute 2025ean.

Gaur arratsalderako espero genuen, baina filtrazioen ondorioz Rockstarrek botoia agindutakoa baino lehen sakatu du: Grand Theft Auto VIren lehen trailerra ikusgai dago jadanik. Denetariko xehetasunak emateaz gain, hiri nagusia baieztatuta ikusi dugu; zurrumurruek aurreratu zuten bezala, Vice Cityra itzuliko gara

GTA: Vice City originalean 80ko hamarkadan barneratu ginen; seigarrenean, baina, gaur egungo girotzea ikusiko dugu. Miamin oinarritutako kostaldeko hiria erabat berriztatu dute Rockstarrekoek ziur asko orain arte bideojoko batek edukitako grafikorik ikusgarrienekin: erotzekoa da.

Royal Palm South Beach edo Ocean View bezalako gune ezagunak berriz ikusteko aukera izan dugu, baita Vice Cityko kaleak, tabernak eta errepideak ere.

Protagonistak ezagutu ditugu, gainera. Iaz ikusitako filtrazioetan neba-arrebak kontrolatuko genituela zioten, baina azkenean jokoaren elementu nagusia bikote bat izango da: Lucia eta Jason izango dira gure protagonista berriak. Hauen arteko harremanean pixkat sakondu dute bideoan, baina zalantza asko daude oraindik.

Jokagarritasunik ikusi gabe geratu gara, zoritxarrez. Filtrazioak eta zurrumurruak barra-barra hedatu dira, hori bai. Mundu ireki erraldoia izango dela aurreratu digute: arduradunek Florida estatuan oinarritutako Leonida zeharkatuko dugula diote, baina insider-ek hainbat herri eta hiri egongo direla diote dagoeneko.

Noiz jokatuko dugu? Asko falta da, espero genezakeen modura: 2025ean merkaturatuko da GTA VI, argitaratze datarik zehaztu gabe. Plataformen kasuan ezusteko gutxi, baina dezepzio handiak: PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletarako baieztatu dute garatzaileek. PCko jokalariek, beraz, are gehiago itxaron beharko dute jokatzeko.