PC, Switch eta PS5 gailuetan jokatu ahalko da. Lehen jokoa doan eskura daiteke egunotan.

Domesticated Ant Games estudioak eta Dear Villagers argitaletxeak Gravity Circuit 2 aurkeztu dute ofizialki: datorren urtean kaleratuko da.

Plataformak ere baieztatu dituzte: PCan eta Switch nahiz PlayStation 5 kontsoletan jokatu ahalko da. Akzioz betetako 2D plataforma jokoak inspirazio iturri argia dauka: Mega Man jokoen —batez ere X zein Zero azpisagen— bidea jarraitzen du, saltoka aritzeko atal zailak, robotak eta etsai nagusi erraldoiak bilduta, baina, aldi berean, proposamena modernoagotuta eta freskotuta.

Lehen Gravity Circuit 2023an plazaratu zuten, zaleen artean izugarrizko balorazioak lortuta; are hobeto, bigarrenaren iragarpenarekin debalde eskaini dute lehenengoa, egun batzuetan Steam plataforman betiko doan gordetzeko aukera baitago.

Kai protagonista itzuliko da jarraipenean. Berarekin izango da originalean agertutako Cable robota. Bietako bat hautatuta, jauzi egiten, gantxoa erabiltzen nahiz etsaiak konbo luzeekin akabatzen ariko gara. Egileek azaldu dutenez, Kairekin lehenengoaren jokagarritasuna mantenduko dute, ukabilkadak protagonista izanik; Cable berriak, bestalde, tiro egiteko ahalmena izango du, borroken planteamendua aldatuz. Zero eta X, alegia.

Zortzi Hunter Circuit buruzagi gainditzea izango da erronka: hauei irabazita, beren ahalmenak eskuratuko ditugu. Txipak eta teknika bereziak ere aurkituko ditugu sekretuz betetako mailetan zehar mugimenduak eta bestelakoak erabiltzeko.

2027an ikusiko dugu Gravity Circuit 2.