Malformation Games kamera finkoak eta aurre-renderizatutako guneak biltzen dituen beldurrezko retro abentura prestatzen ari da ordenagailurako.

Beldurrezko bideojokoak gaur egun sekulako indarra dute Resident Evil, Dead Space, Amnesia, Five Nights at Freddy’s eta beste hainbat titulu arrakastatsuri esker. Hala ere, generoaren hastapenak ahaztuta gelditu dira mekanika berrien inplementazioarekin; hori aldatzeko asmoa dauka Ground Zero interesgarriak.

Stockholmen kokatutako Malformation Games taldea prestatzen ari den lana PC-an kaleratuko da oraingoz: argitaratze datarik gabe, Steam-en jokoaren fitxa ikus dezakegu dagoeneko.

Lehen irudiek eta bideoek bere inspirazio iturriak argi adierazten dituzte: Resident Evil edo Dino Crisis abentura klasikoen jokagarritasuna berreskuratuko du Ground Zerok. Kamera finkoekin eta aldez aurretik renderizatutako guneekin Capcom-ekoen obra zaharrak gogorarazten ditu; tanke kontrolak ere aktiba ditzakegu, baina garatzaileek hautazkoak izango direla azpimarratu dute.

Hego Koreako Busan hirian girotuko da bideojokoa: meteorito batek herrialdea zeharo suntsitu du, eta arte kanpoko gobernuek zein erakundeek ez dute lortu lurraldeetan sartzea biktimei laguntzeko.

Bi hilabete ondoren ekaitzak baretu eta airea arnasgarria egiten denean, gure bi protagonistak, Seo-Yeon eta Evan agenteak, jazotakoak ikertzera doaz. Suntsipenarekin batera, zelan ez, mutatutako eta eraldatutako izaki bizidunak aurkituko dituzte Busanen.

Esplorazioa, puzzleak eta borrokak uztartuko ditu Ground Zerok. Azkenengoaren kasuan, kontrol mugatuak ikusiko ditugun arren gure protagonistak euren burua defendatzeko gai izango dira, kontraerasoak nahiz exekuzioak egiteko aukera eta guzti. Izan ere, borrokatzea nahitaezkoa izango dela dirudi: munstroak akatuz lortuko ditugun genoma puntuei esker gure baliabideak hobetuko ditugu.

Ground Zeron jokatzeko asko itxaron beharko dugula suposatzekoa da: esan bezala, jokoak ez dauka kaleratze datarik, eta Malformation Gamesen txioak irakurrita oraindik garapenaren lehen faseetan dabiltzala ikus daiteke.