Obsidian eta Eidos Montreal estudioek abentura, biziraupen eta esplorazio titulu ñimiñoa handitzeko lanean ari da.

Xbox-ek eta Obsidianek Grounded 2 iragarri dute. Aurretiazko sarbidean kaleratuko dute lehenik eta behin: uztailaren 29tik aurrera Xbox Series kontsoletan zein PCan jokatu ahalko da.

2020an estreinatutako biziraupen eta esplorazio abentura kooperatiboaren jarraipen zuzena dugu: originaletik bi urte igaro dira bigarrenean. Proposamen berbera mantenduko da: tamaina ñimiñoa duen gazte kuadrilla gidatuko dugu eskala erraldoiko oztopoei aurre egiteko.

Etxeko lorategian kokatzen zen lehena; bigarrenean, bestalde, Brookhollow parkera joko dugu. Egileen hitzetan, parkeko lehen guneak joko originaleko mapa osoaren tamaina edukiko du. Bioma berriak agindu dizkigute, noski, bertan aurkitzeke egongo diren arerio eta ezaugarri berriekin batera.

Laguntzak jasoko ditugu Grounded 2n, zorionez: Buggie izeneko zelabereak —zelaintsektuak?— lortuko ditugu kokaleku desberdinak errazago zeharkatzeko. Mota desberdinetakoak egongo dira, bakoitza berezko abileziekin eta indarguneekin; diotenez, lehen jokoaren erabiltzaileek gehien eskatzen zuten mekanika izanik, bai ala bai gehitu behar zuten jarraipenerako.

Omni-tool erremintarekin oinarrizko tresna guztiak bateratu dituzte: mailu, aizkora edo pala lanak buru ditzake, esplorazio eta biziraute prozesua erraztuz. Oraingo honetan, Obsidian Eidos Montreal talde ezagunarekin elkartu da bideojokoa prestatzerako orduan, beraz guztia areagotuta eta hobetuta ikusiko dugula susma dezakegu.

PCra zein Xbox Series kontsoletara iritsiko da Grounded 2 uztailaren 29an.