GTA IV martxoaren 19an ikusiko dugu berriz Steamen

Lander Unzueta | 2020/03/05 14:40 Berriak



Rockstarren jokoa Valven plataformatik ezabatu egin zuten urtarrilean.

Rockstar Gamesek Steamen argitaratutako mezu batean adierazi duenez, martxoaren 19an Grand Theft Auto IV berrargitaratuko dute Valven plataforman.

Asko eta asko dira desagertutako Games For Windows Live zerbitzua erabiltzeagatik arazoak izan dituzten bideojokoak; horien artean aurkitzen da GTA IV.

Bideojokoa hainbat aldaketekin etorriko dela jakinarazi dute Rockstarrekoek. GTA IV eta Episodes from Liberty City espantsioetako edukiak bateratu egingo dituzte; bertsio berriak Grand Theft Auto IV: Complete Edition izena edukiko du.

Aldaketak bertsio berriarentzat

Bertsio berri honek jatorrizko jokoan egoten ziren hainbat eduki galduko ditu. Sortzaileek azaldu dutenez hiru irrati kate desagertu egingo dira: jokalariek ezingo dute RamJam FMko, Self-Actualization FMko eta Vice City FMko abestiak entzuten jarraitu.

Ez da Rockstarren jokoekin hori gertatzen den lehen aldia. San Andreasek ere hainbat kate galdu zituen urteak igaro ahala, abestien lizentziak direla eta.

Irrati kateekin batera multiplayer joko mota eta jokalari onenen taulak kenduko dituztela azaldu du Rockstarrek.

Jokoa dagoeneko Steameko liburutegian dutenek bertsio berria jasoko dute. Gordetako partidak erabilgarriak izango direla zehaztu dute sortzaileek. Steameko bertsioagaz batera, Rockstar Games Launcher plataforma propioan ere argitaratuko dute GTA IV.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

174
Kide

6
Jolasten

66
Online

Azken erantzunak

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…