Karga denborak %70 batean arintzeko bidea asmatu du t0st erabiltzaileak. Kodearen arazoaren analisia egiteaz gain konponbidea prestatu du.
Grand Theft Autoren bosgarren atalak eskainitako GTA Online joko motak milaka jokalari batzen ditu egunero: pasa den otsailean 146.000 jokalari aritu ziren jokatzen une berean PCko bertsiora. 2013an estreinatu zen, baina oraindik Rockstarren eguneraketak jasotzen jarraitzen du gaur egun. Halere, jokalarien artean ezagunak dira bere karga denbora luzeak; horiek murrizteko konponbidea aurkitu du zale batek.
t0st ezizenarekin, erabiltzaile honek arazoaren analisi sakona idatzi du bere webgunean. Bertan azaltzen duenez, karga denbora luzeen arrazoi nagusia hari bakarreko CPUen botila-lepoak eragiten zuen GTA Online hasterakoan. t0sten arabera, arazo hau konpontzeak ez lioke egun bat baino gehiago eraman beharko garatzaile bakar bati.
Hori esanda, zaleak bere konponbide propioa prestatu du: erabiltzea gomendatzen ez duen arren, karga denborak %70 batean murriztea lortu duela ikus daiteke.
Aurkikuntza hauek jokoaren erabiltzaileen artean hedatuta, Rockstarreko garatzaileek publikoki erantzun dute: “ikerketak egin ondoren, t0st erabiltzaileak kodearen aldetik GTA Onlineko PCko bertsioko karga denborak hobetzeko balioko luketen aurkikuntzak egin dituela baieztatu dezakegu”.
Are gehiago, atzo bertan argitaratutako eguneraketak dagoeneko bizkortzeak ikusteko balio du: jokalari bakarrarentzako joko motatik GTA Onlinera aldatzeko 21 segundoko tartea behar dela adierazten ari dira jokalariak.
T0sti esker ona adierazteko 10.000 dolarreko ordainsaria eskaini diote Rockstarren Bug Bounty egitasmoaren baitan. Ordainsari horiek segurtasun kodeari dagozkien akatsen aurkikuntzari bideratuta daude, baina oraingo honetan salbuespen bezala horren akats garrantzitsua aurkitu eta konpontzea lortu duen erabiltzaileari eskaintzea erabaki dute GTAren arduradunek.
Iruzkinak