GTA III, Vice City eta San Andreas batuko dituen bilduma askotariko aldaketekin estreinatuko du Rockstar-ek azaroaren 11n PC-an eta kontsoletan.

Grand Theft Auto: The Trilogy aurkeztu zuten Rockstarrekoek orain aste batzuk. GTA sagako lehen hiru dimentsioetako jokoak bilduko dituen obra iragartzerakoan irudirik edo trailerrik erakutsi gabe geratu ziren, baina ez dute askorik itxaron zer nolako itxura edukiko duen erakusteko: birmasterizazio xumea baino gehiago izango dela erakutsi dute lehen trailerrarekin.

Grand Theft Auto III, Vice City eta San Andreas arrakastatsu zein apartak izango dira bilduman batutako hiru jokoak. Bideoan ikus daitekeenez, atal grafiko eraberritua edukiko dute guztiek: oinarrizko modeloek bere horretan jarraitzen duten arren, argiztapena, shader-ak, testurak, islak eta askoz gehiago berriztatu dituzte, joko berrien itxura eskainita.

Atal tekniko orokorrean ere denetariko aldaketak jasoko dituzte joko klasikoek: 4K bereizmena, 60 FPS-ko tasa, Nvidia DLSS teknologiarentzako euskarria PCaren kasuan, ukipen pantailena Switch-arentzat, giroskopioa… gaur egungo gailuetara moldatuta egongo dira Rockstarren jokoak.

Jostagarritasun mekanikak ere gaurkotuko dituzte gainera. Apuntatzeko sistema berriztatuko dutela agindu dute; mapek eta nabigatzeko sistemak ere aldatuko dituzte; armak eta irratiak aldatzeko bidea eraberrituko dute baita; misio batean huts eginez gero, hau zuzenean berriz hasteko aukera egongo da; azkenik, garaikurrak edota lorpenak gaur egungo sistemetarako prest egongo direla agindu dute.

Jatorrizko jokoen jarraitzaileek zein hasiberriek eskertuko dituzten hobekuntza guzti hauek gaineratuko dituzten bertsioak azaroaren 11n argitaratuko dituzte, digitalki, PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan. Bertsio fisikoa ere prestatuko dute: abenduaren 6ra arte itxaron beharko da hau eskuratu nahi izanez gero.

Xbox Game Pass eta PS Now harpidetza zerbitzuetan gaineratuko dituzte bildumako jokoak; hori bai, banaka egingo dituzte. Xboxekoek Grand Theft Auto San Andreas izango dute Game Passean azaroaren 11tik aurrera; PlayStationekoek, berriz, GTA III jasoko dute egun berean.

Gailu mugikorrek ere jasoko dute GTA: The Trilogy. Android zein iOS mugikorretarako eta tabletetarako prestatzen dabiltza bilduma, baina ez dute zehaztu noiz merkaturatuko dituzten hauek. Bitartean, jatorrizko bertsioak saltoki digital desberdinetatik ezabatu dituzte Rockstarrekoek: ez da posible joko originalak erostea egungo plataformetan.