Jokoaren PC-ko bertsioa kendu behar izan dute Rockstar-ekoek saltoki digitaletatik; berriz eskaini dute, baina bestelako akatsak daude plataforma guztietan.

GTA klasikoen zaleek ez dute The Trilogy – The Definitive Edition birmasterizazioen estreinaldi goxoa bizi. Grove Street Games estudioak garatuta, era guztietako akatsekin eta arazoekin merkaturatu du Rockstarrek GTA III, Vice City eta San Andreas jokoen bilduma.

Arazorik esanguratsuena PCko bertsioarekin eman da: jokalariek ezin izan dituzte hiru jokoak hasi hiru egunetan. Lehenengoan, Rockstar Launcher-aren plataforma erori egin zen, erabiltzailea hastea ezinezkoa izanik.

Hau konpontzeko ia egun osoa eman ondoren, trilogia launcherretik kendu egin zuten: antza denez, jatorrizko jokoetako hainbat fitxategi eta datu zeuden jokoaren karpeten artean, eta Rockstarrekoek hauek ezabatzeko lanari ekin zioten. Lizentziarik gabeko abestiak, garatzaileen biraoz betetako oharrak, Hot Coffee minijoko polemikoa eta gehiago aurkitu ditu jokalarien komunitateak fitxategien artean.

Switch-eko bertsioaren fitxategien artean are elementu interesgarriagoak daude: garatzaileek tresna propioak utzi dituzte karpeten artean ahaztuta, besteak beste.

Lehen hiru egunetan jokoa probatu gabe eman ondoren, azkenik itzuli da saltoki digitaletara. Rockstarrek barkamena eskatu du publikoki: “Grand Theft Auto: The Trilogy – The Definitive Edition bueltan da Rockstar Launcherrean erosteko eta jokatzeko. Eragozpenengatik barkamena eskatu nahi dugu, eta lanean jarraitzen dugu errendimendua hobetzeko”, adierazi dute txio baten bidez.

Izan ere, arazoak ez dira bukatu GTAkoentzat. Errendimendu eta atal tekniko aldetik askotariko akatsak eta bug-ak dituzte berregindako hiru jokoek. Kalitate baxuko modeloak, clipping arazoak, errendimendu eskasa… hauek ez dira PCko bertsiora mugatzen: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletako trilogiek antzeko arazoak dituzte.

Jokalariak, noski, ez daude batere pozik emaitzarekin. Bildumaren Metacritic-eko orrialdean 0,5 da erabiltzaileen aldetik jasotako batezbesteko kalifikazioa; bestalde, sareetan arazo guzti hauek behin eta berriz zabaldu dituzte jokalariek.

Ez hori bakarrik: akatsez betetako bertsio eraberritua kaleratzearekin batera, jatorrizko jokoak ezabatu egin dituzte plataforma desberdinetako saltokietatik, hauek erostea ezinezkoa eginda.